GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko itxialdia egiten ari dira Mañerun

Aste honetan 25 urte bete dituen Nafarroako Euskararen Legea salatu eta «euskarak behar duen estatus juridiko egokia» eskatzeko hiru eguneko itxialdia egiten ari dira Mañerun, Sortzen Ikasbatuaz elkartearen eskutik.

p016_f01.jpg

A.A. | DONOSTIA

Sortzen Ikasbatuaz elkarteak ekimen ugari antolatu ditu Mañerun burutzen ari den hiru eguneko itxialdiaren harira. Atzo hasi eta bihar arte, «Euskaraz bizitzeko eskubidea auzo eta herri guztietan» lelopean, «euskarak behar duen estatus juridiko egokia» aldarrikatzea dute xede. Ostegunean 25 urte bete zituen Nafarroako Euskararen Legeak, eta, hain justu, lege hori «iraganean oinarrituta» dagoela salatzeko egiten ari dira protestaldia.

Itxialdia egiteko Mañeru aukeratu izana ez da inolaz ere kasualitatea. Iruñetik 28 kilometrora kokatutako Lizarrako merindadeko herri txikian izan bazuten eskola, baina herritarrek euskaraz ikasi nahi zutenez eta legearen arabera Mañeru zonalde ez euskaldunean dagoenez, Nafarroako Gobernuak eskola itxi egin zuen. Horrenbestez, egunero bidaiatzera behartu dituzte herriko haur guztiak, horrek dakartzan ezerosotasun eta arriskuekin.

Auzia korapilatsua bezain tristea izanagatik, bihar arte burutuko diren ekitaldietan poztasuna nagusi izatea nahi izan dute antolatzaileek. Hala, atzo goizean, esaterako, Porrotx gerturatu zen herrira, Lizarraldeko haur mordoxka batu zirelarik Mañerun euskara ezpainetan. «Elkartasuna» izan zen Nestor Salaberria Sortzen Ikasbatuaz elkarteko Nafarroako koordinatzaileak hiru egun hauek laburbiltzeko atzo erabili zuen hitza. Gaurkoan, goizean goiz hasi eta gauerdira arte, bilerak, txalapartariak, musika eta giro ederra izango dituzte nagusi. Udalak ere parte hartu du ekintzen antolaketan. Salaberriak euskal herritarrei gonbita zabaldu nahi izan zien atzo Mañerura gerturatu eta «egoera hau pairatzen dutenei euren elkartasuna adierazteko». Salaberriak nabarmendu zuenez, «argi eta garbi utzi behar diegu administrazio ezberdinei Euskal Herriko herri eta auzo guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea dugula».

Eskola, «ezinbestekoa»

Atzo arratsaldean egindako agerraldian, Mañeru bizirik mantentzeko eskola euskaldun bat edukitzea «ezinbestekoa» dela ere aldarrikatu zuten. Bide horretan, landa eremuetako eskola gehiago itxi ditzaten prest ez daudela esan zuten, Euskararen Legeari erreferentzia eginez. «Argi eta ozen esan nahi dugu: Mañeru, Zirauki eta beste horrenbeste lekutan euskararaz bizitzeko eskubide osoa dugu. Herri eta auzo guztietan dugu eskubide hori», aldarrikatu zuten.

Mañeruko herritarrak izan zituzten gogoan eta «egunez egun gure hizkuntza eskubideen urraketaren begirale» direla azaldu zuten. Euskararen Legearen ondorioz ezin dutela herrian euskaraz ikasi salatu zuten, baita haurrek euskarazko irakaskuntza jaso ahal izan dezaten egunero-egunero Garesera autoz joan beharra izaten dutela ere. «Horixe izan da gure herriko eskola ixtearen arrazoia, euskarazko eskaintzarik ez bermatzea», esan zuten. Amaitzeko, herrian euskaraz ikasteko eskubidea errealitate bat izan arte lanean tinko jarraituko dutela esanez amaitu zuten agerraldia.

PORROTX

Porrotx Mañerun izan zen atzo goizean, txikienen begirada guzti-guztiak jasoz. Lizarraldeko 200 haur inguru elkartu ziren Mañerun euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo