GARA > Idatzia > Kultura

Abbadia saria Mintzalagunari, auzolanaz euskara indartzearren

Donostiako Bagera elkartearen Mintzalaguna ekimenak jaso zuen atzo Gipuzkoako Aldundiak ematen duen Anton Abbadia saria, euskaltegien eta kalearen artean zubi lana egiteagatik, musu truk, maitasun truke, zalaparta txikiz baina eraginkortasun handiz.

p046_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Niri konfiantza eman dit, Mintzalaguna ekimenari esker beldurrari aurre egin diot. Euskaraz lan egitea eta aukera dudanetan euskaraz hitz egitea lortu dut», adierazten zuen ikasle batek bertze bi mintzalagunekin kafea hartzen ari zela. «Besteok ere, euskaraz dakigunok, asko jasotzen dugu. Asko aurreratzen duzuela ikusten dugu, eta, gainera, lagunarteko giro ederra eta berezia dugu», gaineratzen zuen ondoko kideak. Ikus-entzunezko baten bidez, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen ekimena zer den eta 1993ean sortu zutenetik nola garatzen ari den azaldu zuten atzo Gipuzkoako Aldundiaren jauregian egindako ekitaldian.

Bideo horretan, bunbuilo itxura duen Mintzalaguna ekimenaren ikurra zabaltzen agertzen da: lehendabizi plazara, gero dendara, gero kafetegira... Amaia Baldarekin batera proiektua sortu zuen Aitziber San Romanek azaldu zuenez, ez zekiten ongi zer, baina zerbait proposatu nahi izan zieten euskara ikasten ari zirenei, maila polita izan arren kalean solas egiteko zuten beldurra eta antsietatea gainditzen laguntzeko.

Izena eman, fitxak bete eta taldeak osatzen dituzte, talde txikiak, hiruzpalau lagunekoak. Horietako batek euskaraz ongi hitz egiten du eta gainerakoak ikasleak dira. Kontuan hartzen dute antzeko maila izatea, hurbil bizitzea, zaletasunak partekatzea... eta, hortik aitzinera, taldekideen esku uzten dute zer ekintza egin. Zigor Etxeburua Aldundiko Euskara zuzendariak halaxe definitu zuen Mintzalaguna: «Positiboa da, atsegina, arina, lagunarteko giroan egiten da, adiskidetasuna sustatzen du... Pentsa, ostalaritzaren suspertzea ere laguntzen du! Ez dakit nola ez genuen euskaldunok lehenago asmatu!».

Erabilera hedatzea helburu

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Garbiñe Errekondo Foru Administrazioko diputatua, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Jean Baptiste Salaberri Hendaiako auzapeza... Makina bat ordezkari eta euskararekin lotutako jende anitz bildu zen, sari hau, euskararen erabilera hedatzea helburu duten pertsona eta elkarteen jarduna aitortzeko modu bat izateaz gain, Anton Abbadiaren oroimena berrituz egiten den euskaltzaleen biltzar txiki bat ere badelako.

Zer du Gipuzkoako Aldundiak euskararen erabileraz errateko? Euskaraz lan egiten dute Aldundian? Zer asmo dute horren inguruan? Galdera horiei erantzunez, Errekondok argi utzi zuen, lehenik eta behin, herri administrazioentzat lege beharkizun bat dela bere zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzea. Azaldu zuenez, aurrerapauso handiak eman dituzte bide horretan, lan handia gelditzen zaie, ordea, euskaldunak euren bulegoetara joaten direnean bigarren mailako herritar sentitu ez daitezen. Gainera, Aldundiko ordezkariak nabarmendu zuenez, ez dute uste euskaldunen eskubideak bermatzera mugatu behar dutenik; horrekin batera herri izaeraren oinarrizko ezaugarria den euskara bultzatzen aitzindari izateko funtzioa dute.

Zigor Etxeburuak erantsi zuenez, horretan kide aparta dute Mintzalaguna ekimena, euskararen mesederako delako «zentzu guztietan»: «Batetik, euskararen ezagutza eta erabilera batzen ditu; maila pertsonalean, euskaraz hitz egitea bilatzen du, euskara erabiltzea, lotsak eta herdoilak alboratuz. Maila sozialean, euskarari funtzio sozialak berreskuratzen eta bere garapen osoa lortzen laguntzen dio. Eta euskaldunak berdintzen ditu».

Mikel Artola eta Arantxa Kortabitarte mintzalagunek kontent eta esker onez jaso zuten Martin Garitanok emandako Xabier Laka Antxustegiren brontzezko oroigarria eta 12.000 euroko diru saria.

«Lagun gutxi batzuen bultzadaz hasi eta pixkanaka inor gutxik espero ez zuen lekura iritsi gara. Eta horrek asko pozten gaitu, bidea ondo samar egin dugula adierazten duelako. Etorkizunean babes handiagoa izango dugula ere adierazten du», esan zuen Kortabitartek. Atzokoa ospakizun eguna zutela gaineratu zuen, ez eurentzat soilik, baita euskara ikasten laguntzen duten guztientzat ere. Hori bai, euskara ikasi eta erabiltzeko ahalegina egiten ari direnak izan zituzten gogoan batik bat. Artola da ikasle horietako bat, eta, agertu zuenez, euskara euren ahoan jartzea anitz errazten du Mintzalaguna ekimenak. Denak gonbidatu nahi izan zituen ekimenean parte hartzera, bakoitzak bere mailarekin, denok dugulako zer ikasia gure euskara hobetzeko. «Ez dakiguna ikasi eta dakiguna erabili egin behar dugu».

Garitanok, azkenik, Mintzalaguna boluntarioen lanean oinarritzen dela azpimarratu zuen, egitura hagitz arin batez auzolana ardatz duen ekimena baita: «Euskaraz ikasten ari denak euskal hiztun baten laguntza jasotzen du, musu truk, maitasun truke, zalaparta eta erakustaldi handirik gabe, baina eraginkortasun amaigabeaz. Euskal jendeek beti egin ohi duten moduan, alegia. Jokabide eredugarria da».

AITZINDARIA

1993an Donostian sortutako ekimena aitzindaria izan da, pixkanaka hainbat herritara zabaltzen joan baita Mintzalagunaren ikurra. Berbalagun, mintzakide, solaskide... izen desberdineko mintzapraktika programak daude egun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo