GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

OSASUN SISTEMA IPAR EUSKAL HERRIAN

Sendagile bila dabiltza barnealdeko herrietan

Hamar urte barru erretiratuko diren sendagile guztien postuak bete ezinik ibiliko dira Estatu frantsesean. Landa inguruetan jadanik pairatzen dute arazoa, baina kirurgia, pediatria, psikiatria edo gisa horretako lanbideetan ere hutsune handiak ari dira sortzen oro har. Egungo sistema antzua dela diote sendagile gazteek.

p004_f01.jpg

Ainize BUTRON

Baigorriko haranean bi sendagile geratzen dira. Ezpeletan, berriz, bakar bat. Donibane Garazin, sei. Hori da Lapurdi barnealdean hasi, eta Zuberoara arte agertzen den panorama. Erretiratuz joan diren sendagileek ez dute ondorengorik izan, eta arazoa konpontzeko neurriak hartzen saiatu badira ere -osasun etxeak sortzeko egitasmoak landuz-eta-, aurreikusitakoaren arabera, Ipar Euskal Herriko sendagile kopurua %25 txikiagoa izango da hamar urte barru. Gabezia hori osasun arloko lanbide gehienetan gertatuko da, hasi orotariko sendagileetatik, eta kirurgiako, pediatriako edota psikiatriako adituetara. Urteko 250 pediatra ateratzen dira unibertsitatetik, baina 600 beharko lirateke dagoen gabezia betetzeko.

Mediku gutxi eta lurraldeen arteko desoreka handia. Horra osasun arloko lanbideetan egun sumatzen den krisiaren ezaugarri nagusiak. Lapurdiko kostaldean, esaterako, ingurua erakargarria denez, guztiak ados daude, biztanle kopurua kontuan harturik, sendagile nahikoa badagoela esatean.

Arazoari aterabidea emateko, urtero unibertsitatetik ateratzen diren sendagile kuotak emendatu, eta landa eremuetan osasun etxeak eraikitzeko baliabideak jarriko dituela jakinarazi du berriki Xavier Bertrand Osasun ministroak. Numerus clausus delako hori, sendagile kopurua mugatze hori, 1980ean finkatu zuen gobernuak, Gizarte Segurantzaren defizita apaltzeko. «Garaian uste zuten sendagile gutxiagorekin eskaera apalduko zela», argitu du Alex Violletek, Hazparneko Elgarrekin zentroko 53 urteko mediku eta MGF sindikatuko kideak. Baina sendagileak murriztu ondoren, gabezia ikaragarri baten aitzinean gertatu dira.

«Numerus clausus hori finkatu eta hamar urte beranduago hasi ziren erraten 2010ean arazoak izanen zirela, baina deus ez da egina izan», gehitu du hazpandarrak.

Numerus clausus delakoak ez du batere lagundu, baina sendagileen arabera, beste bi faktore ere kontuan hartu beharrekoak dira egoera ulertzeko: gizarte aldaketa eta lanbidearen bilakaera. «Numerus claususa handituz ez da deus aldatuko, hamabi urte beharko baitira sendagile bat formatzeko. Eta, gainera lanbideak izan duen aldaketa ere kontuan hartu behar da», erran du Violletek.

Batetik, eskoletatik ateratzen diren sendagile gehienak emakumeak direla, eta, beraien presentzia lanbidean %70ekoa dela zehaztu du. «Emakumeek aldaketa asko ekarri dituzte. Ez dute era berean lan egiten, eta ez dute lanarekiko harreman berdina, askotan haurrak baitituzte». Xabi Latapy 36 urteko Donapaleuko sendagileak honakoa gehitu du: «Sendagile gazteek beste era batez ikusten dugu lana. Lehen bazegoen familia sendagilea, eta hark dena zekien. Bazuen gizarte mailan rol garrantzitsua. Gaur egun, hori guztia desagertu da. Zalantzak ditugularik gure lankideekin trukatu nahi dugu». Latapy kabinete batean ari da lanean, beste lau sendagilerekin, Donapaleun. Lana bosten artean banatuta, lau egunetan metatzen dute lana, hiru astetik behin gaua eginez.

Latapyren eta Violleten iritziz, beste sendagileekin elkarlanean lan egitea, eta erradiografia eta analisiak errazki egiteko baliabide teknikoak eskura izatea ezinbestekoak dira sendagileak erakartzeko. «Ez badira hobekuntza tekniko horiek guztiak lortzen, ezin da medikuntzan ongi aritu», nabarmendu du Violletek. Lanordu gutxiago egin, eta baldintza onak bilatzen dituzte, beraz, sendagile gazteek gehienetan. «Baserri giroko eremu batean kokatzen zara, baina bikotearentzat ere lana izan behar da. Gainera, erietxe eta kliniketan sendagile eskaera handia dago eta baldintzak onak dira, 35 orduko lanaldia eta prestakuntza eskaintzen dituztelako. Lekuko botereak aldaketa horiek kontuan hartu behar ditu», gaineratu du.

Sistemaren antolamendua kolokan

Izan ere, ikasketak burutu dituzten hamar orotariko medikutatik bakar batek aukeratzen du Estatu frantsesean modu «liberalean» jardutea, hau da, sare publikotik at jardutea. «Sendagile askok ez du nahi liberalean aritu: lan zaila delako, alde batetik; eta, gainera, ordu asko lan eginez, ikastaroak jarraitzeko zailtasunak dituztelako», azaldu digu Serge Lacroixek, 40 urteko sendagile baionarrak. Funtzionarioa da Lacroix, Landetako erietxe bateko larrialdi zerbitzuan.

Krisi horren gibelean, sendagile gazteek diotenez, indarrean den sistema liberal antzua dago. Lan tokia askatasun osoz hautatzeko aukera emateaz gain, gaixoen arabera ordainduak dira sistema horrekin. Serge Lacroix funtzionario sistema baten alde dago. «Sendagile kopurua biztanleriaren arabera banatzea da zentzuzkoa. Lurralde osoa homogeneizatu behar da, baina hori egitera behartu behar dira agintariak». Violleten iritziz, ezinbestekoa da beste herrietan zer egiten den begiratu, eta horren arabera, sistema berrantolatzea.

Sistema aldatu bitartean, irtenbide bakarra Hazparneko osasun etxearen modukoak lurralde osoan orokortzea dela diote Latapoyk eta Violletek. «Osasun etxeak egiteko laguntzak eskaini behar dira alde batetik. Eta, pentsa daiteke kostaldeko sendagileak barnealdera etortzea astean behin-edo ordu batzuk egiteko», azaldu du.

ESKASIAGATIK, landa inguruetan Medikuntza, erizainen esku

Itxarok eta Pantxikak Aldude eta Urepeleko herri eta mendiak zeharkatzen dituzte egunero, beste hirugarren erizain batekin, gaixoen beharrei erantzuteko. GARAk topatu dituen bi erizainak, eguerdi parteko pausaldian, Aldudeko kabinetean.

Baigorrin dauden hiru sendagile bakarretatik kanpo, ez da mediku bakar bat ere geratzen Nafarroa Behereko haran horretan. Duela lau urte, Baigorriko lau sendagileetatik bat erretiratu zen, eta Larzabalen eta Garazin bezala, osasun etxe bat eraikitzeko egitasmoa abiatu zen. Baina, aurrekontu arazoak direla-eta, egitasmoa aurrera egin ezinik dago.

Geratzen diren hiru sendagileetatik beste bat erretiratzekotan da, eta sendagileak gainezka dabiltzala-eta, etorkizunari begira kezka handiak dituzte erizainek. «Osasun etxea muntatuko delarik, esperantza badugu sendagileak erakarriko dituela», azaldu zuen Itxarok. Bitartean, Itxaro eta Pantxika hola edo hala moldatzen dira gaixo guztiak ahal bezain ondo artatzeko. Sendagileek konfiantza osoa ematen diete erizainei, eta askotan herritarrek, arazo bat daukatelarik, erizainei deitzen diete lehenik.

Gehienbat garbitzeak, txertoak, loturak ipini edo odol hartzeak dituzte egiten, baina, batzuetan larrialdiak ere erizainek kudeatu behar dituzte. «Guk egiten dugu lehen bilana, eta horren arabera deitzen diogu sendagileari. Baina medikuek sobera lan dutenez, askotan Baionako erietxera deitzen dugu anbulantzia bidal dezaten», argitu ziguten erizainek. Iazko neguan bost bihotzeko ukan zituzten. Behin horrelako bat gertatu zelarik, ordubete egon zen Itxaro suhiltzaileak noiz etorriko itxaroten.

Lortzen dute, oro har, lana aurrera eramatea, baina, heriotzak izaten direlarik, zaila egiten zaiela onartu zuten. Deus egiterik ez delarik, artatzearekin noraino joan daitekeen, eta familiari zer erran behar den jakitea ez zaie beti erraza egiten. «Familiarekin guk dugu harremana, eta ez gara beti ados sendagileak erraten dituenekin, ez baitu gaixoa ikusten. Beraz, gertatu zaigu tratamendua ez ematea», onartu zuten.

Sendagileek ez dute hurbildu nahi Urepele eta Aldudeko zoko horretara, eta erizain batzuk ere, behin lana ikusita, beldurtu egiten dira. Egunak luzeak izaten dira, beraz, Itxaro eta Pantxikarentzat. Etxe batzuk mendian daudenez, ordu asko ematen dituzte bidean, eta egun askotan hamar orduko lanaldiak egiten dituzte. «Badakigu noiz hasten garen, baina, sekula ez noiz bukatuko dugun», gaineratu zuten amaieran. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo