Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Bi emazte jator
Sorginen kontrako ehiza ez da gelditu. Parisetik igorri manu batekin Garaziko karrikak poliziaz bete dituzte, goizetik herritarren artean alarma piztu dute. Irratiz berria zabaldu da segidan. Ezustean harrapatu gaitu, esperantza baikenuen Parisen Baionan botatako oihua entzun zutela. Pärisen entzun zutela eta Paris bakeari bidea idekitzeko prest izanen zela. Bestelakoa da mezua. Parisen hemen bazterrak inarrosten ari zirela entzun dute eta horri erantzun gogorra, zorrotza, min egiteko erantzuna eman behar zela erabaki.
Aspaldiko zilo omen zena atera dute, alegiazko aztarnan aipatu eta itzulipurdi bat egin ondoren inkulpazio bat asmatu eta esku artean dute bi pertsonen preso sartzeko. Ez dute itsuan jo. Barnealdeko mugimendu abertzaleari eragiteko egindako atxiloketa dugu. Hintza gazte ezaguna eta langilea da. Hintzaren familia osoa ezaguna da abertzaleen artean, barnealdea biziarazteko ekintza askotan inplikatua baita, maila askotan, ekonomian, herrien arduran, elkartasun urratsetan. Berriz ere min egitera joan dira, haurdun den emaztea preso sartu, zigor bikoitza.
Hintza abertzaletasuna azkartzen laguntzen baitu eraman dute, karrikak poliziaz bete dituzte militanteak kriminalizatzeko asmoarekin. Ez da deus aldatzen, azken hogeita hamar urteetako frantses politika bera da. Haatik, alderantzizko emaitza lortzen dute bertako alderdietako hautetsiek bestelako urratsak eskatzen baitituzte, abertzaleen emaitzak emendatzen direlako. Hau da froga. Baina, Hintza preso sartu dute eta hau sufrimendua baizik ez da...
Inmari azken agurra eskaini diogu. Inma gure artean izan dugu, euskararen aldeko ekintzetan, Donibaneko ikastolako buraso taldean lan egiteko, Urruñako ikastola idekitzeko, Ziburuko kolegioko administrazio kontseiluan eta abar eta abar. Inma beti lanean ikusi dugu, beti kementsu beti baikor, begirada zorrotza, norantza argiarekin. Lanean ikusten genuen, gure artean, herrian. Inma joan zaigu eta pena handia gelditu zaigu, zaila zaigu ulertzea nola joan den, hain fite guretzat. Familia eder bat utzi digu, Odeien bertsuetan Inma entzunen dugu kantatzen. Denbora joaten zaigu, lagunak galtzen ditugularik maite ditugunekin egotea ez dugula ahantzi behar gogoratzen gara.
Horregatik, aski zaila izaten baita biziak eramaten dizkigun lagunak joaten uztea, gaur egun prozesu bat abian delarik, gazteen atxiloketak ez ditugu onartzen. Haien legeak ez baitu justiziarik ekartzen.
Hintza, euskal preso politiko eta erbesteratu guztiak gogoan, eta Inmak eraman duen borrokaren omenez, urtarrilaren 7an Bilbon egonen gara.