GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Alpinismoa | Urrezko Pioletak

Pobeda eta Trangokoa sari nagusiak Asian eta Errusian

Asiako Urrezko Pioleta Urubkok eta Gennadyk irabazi dute Pobeda mendian bide berri bat zabaltzeagatik. Errusiakoa, berriz, hiru emakumezkok jaso dute Trangoko Dorre nagusian eginiko jarduerarengatik.

p045_f01_199x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Frantzian antolatzen den Urrezko Pioleta mundu mailan entzutetsuena da; hain zuzen ere, nazioarteko izaera duelako. Datorren urtekoa martxoaren 21etik 24ra egingo dute; ohi den legez, Chamonix eta Courmayeurren.

Bien bitartean, azken bi hilabeteotan Urrezko Pioletarekin «janzten» diren beste bi ekitaldi egin dira. Bata, Asian; bestea, Errusian. Asiakoari dagokionez, azaroaren 4an eta 5ean Seulen (Hego Korea) ospatu zen. Eta, lau hautagaien artean, Denis Urubkok eta Gennady Durovek Pobeda mendiaren (7.439 m) ipar aurpegian eginiko jarduera saritu zuen epaimahaiak.

Nahiz eta orrialdeotan eskalada horren berri eman genuen, ekar dezagun gogora sokada kazakhstandarrak bide berri bat zabaldu zuela. Pasa den abuztuan izan zen, eta «Dollar rod» izena jarri zioten bideari. Eskalada horretan, Urubkok eta Durovek ia 3.000 metroko desnibela eta 6a eta M4 zailtasunak (6b errusiar gradua) gainditu zituzten.

Azken sari horrekin, dagoeneko, Urubkok Asiako hiru Urrezko Piolet poltsikoratu ditu. Beste hiru hautagaiak, berriz, honakoak ziren: Simone Morok eta Urubkok berak G-2n sinatutako lehen neguko igoera, japoniar talde batek Daddongmain mendian (6.380 m, Txina) eginiko lehen igoera eta Koreako espedizio batek Mt. Hunterreko Moonflower Butress-en burututako eskalada.

Emakumeak nagusi

Bestalde, Errusiako Urrezko Piolet sariaren ekitaldia abenduaren lehen asteburuan egin zen. Eta, lehen aldiz, emakumez osatutako sokada batek protagonismo osoa izan zuen. Eta protagonismoa esaten dugunean, esan nahi dugu aurtengo ekitaldiko sari nagusia hiru emakumezkok jaso dutela: Marina Kopteva eta Anna Yasinskaya ukrainarrek eta Galina Chibitok errusiarrak.

Luze eta zabal jorratu genuen orrialdeotan sokada horrek eginiko jarduera, baina hitz gutxitan ekar dezagun gogora zer egin zuen. Bada, Trangoko Dorre Nagusiaren (6.286 m) ipar-mendebaldeko aurpegian bide berri bat zabaldu zuten.

«Parallel world» izena jarri zioten: 2.580 metro eta VI+, A1/7b zailtasunak. Hots, 6b errusiar eskalan. Kopteva, Yasinskaya eta Chibitok-ek osatutako taldeak bederatzi kanpaleku antolatu zituen, eta, guztira, 38 egun egin zituen paretan.

Arestian aurreratu dugun moduan, lehen aldia da emakumezkoek osatutako talde batek Errusiako Urrezko Pioleta jasotzen dutena. Haiekin batera beste bost hautagai «lehiatu» ziren: Odintsoven taldeak Latok III mendian eginiko lehen igoera, Ruchkinen bide berria Groenlandiako Shark Tooth horman (publikoaren saria jaso zuen), Volodinek zuzendutako espedizioak Izenik Gabeko Dorrean zabaldutako bide berria, Khostenkoren taldeak Ushban mendian «Titkina» bidearen igoera eta Shuskok Grossvenor mendian sinatutako marra berria.

sariak

Dagoeneko banatu dira Asia eta Errusiako Urrezko Pioletak. Errusiakoa, lehen aldiz, hiru emakumezkok osatutako sokada batek eraman du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo