New York kendu eta Santa Cruz hautatu dute ASPrako
2012ko ASP zirkuitutik New Yorkeko WCT txapelketa ezabatu eta haren ordez Santa Cruz hautatu dute.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Abenduaren 19an albiste bitxi bat eman zuen ASP erakundeak. Inongo arrazoirik eman gabe jakinarazi zuten 2012 urteko zirkuituan egitekoa zen New Yorkeko txapelketa rankinetik ezabatu dutela. Bat-bateko albisteak harridura sortu zuen lehiakide eta jarraitzaileen artean.
2011n New Yorken egin zuten txapelketa oso arrakastatsua izan zen. Aurrez, inoiz ez zen egin WCT mailako txapelketa bat New Yorken, eta gainera, inoiz izan den saririk handiena ere bertan izan zen, milioi bat dolarrekoa.
Askoren ustez halako sariagatik ez balitz, antolatzaileek ez lukete txapelketa hau egiteko aukerarik izango; izan ere, maila honetako txapelketa bat egiteko lekuak gutxiengo baldintza batzuk bete behar ditu, hala nola olatuen kalitatea eta txapelketa garaian berauek izateko aukera izatea hartzen dira kontuan. New Yorken ez da sarri olatu onik izaten eta itsaskirik ere ez, beraz inork gutxik pentsatzen zuen txapelketa egiteko gutxieneko baldintzak izango zirenik.
Txapelketa itzelezkoa izan zen, ordea; oso olatu onak izan ziren eta milaka ikusle bertaratu ziren. Arrakasta horren ondoren 2012. urterako zirkuituan lekutxo bat lortua zuten berriz ere New Yorken, baina pasa den astean eman zuen berria ASPk, «2012an ez da txapelketarik izango New Yorken».
Rob Colby, AEBetan Quiksilver markako arduradun nagusi eta txapelketako antolatzaile dena, horrela mintzo zen: «Quiksilver Pro New York 2011 arrakasta handiko txapelketa izan zen, bai surflarientzat eta baita ikusleentzat ere. Itsasoko baldintzak oso onak izan ziren eta herritarrengandik sekulako laguntza jaso genuen. Datorren urteko txapelketa bertan behera utzi izanak asko penatzen nau, baina ASPk eman dizkigun arrazoiak uler ditzaket. Orain, Europan eta Australian egiten ditugun WCT txapelketak ahalik eta ongien egiten jarraitzea baino ez zaigu geratzen».
Ikus daitekeen moduan, New Yorkeko txapelketaren arduradunak ere ez zituen eman txapelketa bertan behera uzteko arrazoiak.
Abenduaren 22an argitu zen giroa, baina zergatiek oraindik argitzeke jarraitzen dute. Kaliforniako Santa Cruz kostaldeak ordezkatuko du New Yorkek utzitako lekua. O'Neill markaren 60. urteurrenarekin bat egingo du txapelketak. Santa Cruzeko txapelketa garrantzi handiko txapelketa izan da goi mailako surfaren historian. Azken urteetan Prime kategoriako txapelketak egin dira, baina aurrez munduko txapelketa garrantzitsuenetakoak eginak dira bertan.
Patt O'Neill, marka horretako neoprenoen zuzendaria pozarren zegoen eta honela mintzo zen izendapenaren inguruan: «Hunkituak gaude maila goreneko lehiaketa berriz ere Santa Cruzen izango dugulako, O'Neillen 60. urteurrenean gainera. Santa Cruzek surf historia aberatsa dauka eta halako txapelketa bat egiteko egokia dela deritzot. Surfaren historian eman diren zenbait urrats garrantzitsu bertan eman dira. Surflari komunitate indartsu bat du eta `Surfer' aldizkariak AEBetako surf hiri nagusi izendatu zuen».
Txapelketa azaroan izango da, beraz, askotan gertatzen den bezala 2012ko tituluaren irabazlea itzuli osoa amaitu aurretik izenda daiteke, eta azken-aurreko txapelketa izaki, hori gertatzeko aukera asko dago.
Patt O'Neillek halako zerbait gertatu daitekeen esperantza daukala argi utzi zuen: «2012an berriz ere goi mailako zirkuituan izatea ohore bat da, eta gainera, agian datorren urteko titulua irabaziko duen surflaria hemen izendatzeko aukera izateak oraindik eta garrantzia historiko handiagoa ematen dio gertaerari».
Gauzak horrela, azkenean Santa Cruzek hartu du New Yorken lekua. Aspaldiko garaietan bezala, itzelezko txapelketa izan daitekeela aurreikus daiteke, baina aldaketaren zergatia ez dago batere argi, ez baitute arrazoirik eman nahi izan.
arrazoirik ez
Leku aldaketaren arrazoirik ez du eman inork. Garbi dagoen gauza bakarra zera da, New Yorkeko txapelketa bertan behera utzi eta Santa Cruzekoa egingo dutela 2012. urtean.