GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendi Film | Amaiera ekitaldia

Sari nagusia, «180º South» filmak

Gasteizen antolatzen den Mendi Film Festival ekimenaren laugarren aldia amaitu da dagoeneko. Sail ofizialeko 40 pelikula pantailaratu dituzte, eta ikus-entzuleen aldetik jarraipen handia izan dute. Guztira, hamar sari banatu dituzte.

p041_f01_148x96.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Pozarren dira. Bai, Mendi Film Festival ekimenaren antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute amaitu berri den laugarren ekitaldiaren inguruan: «Arrakastatsua izan da guztiz. Sail ofizialean eskainitako pelikulen kalitatea bikaina izan da. Horrez batera, belaunaldi eta herrialde desberdinetako ekoizle, zuzendari eta protagonista askoren bilgune izan da. Europa Jauregia bi egunetan lepo bete da; orobat jendetsua izan da oso eta ikus-entzuleen erantzuna handia izan da. Ibilbide laburra izan arren, jada egonkortuta dagoen ekimena da».

Bederatzi egun (hilaren 12tik 20ra), 4.300 ikus-entzule, sail ofizialeko 40 pelikula, ikastaroak, erakusketak, hitzaldiak... horiexek dira datu esanguratsuenak.

Pasa den asteartean egin zuten amaiera ekitaldia, eta bertan Silvo Karo, Marco Ribetti, Gabriele Khün, Javier Alonso eta Zaloa Bordak osaturiko epaimahaiak (eta bide batez ikus-entzuleek ere) hartutako erabakien berri eman zuen.

Sari garrantzitsuena, hots, film onenaren sari nagusia, «180º South» pelikulak (Woodshead Films) eraman zuen. Mendiko film onenaren saria, berriz, Sean Villanuevaren «Vertical sailing Greeland» filmak jaso zuen.

Bien bitartean, «Fly or die» (Sender Films) mendiko kirolen film onenaren sariaren jabe egin zen. Eta mendi-ingurumen-ekologia saria Alex G. de Bikuñaren «Arditan» filmarentzat izan zen.

Argazki onenaren saria, bestalde, «Wildwater» pelikulak (Forge Motions Productions) irabazi zuen. Eta epaimahaiaren saria «Declaracion Inmortalidad» filmarentzat (TVP SA) izan zen.

Beste euskal produkzio bat ere protagonista izan zen: «Aizkora hotsak goi mendietan» (Bideografik). Izan ere, euskarazko film onenaren saria jaso zuen.

Beste hiru sari. Lehena, film labur onenaren saria «Cold» lanarentzat (Forge Motions Productions) izan zen. Bigarrena, ikus-entzuleen saria «Solitaire» filmak (Sweetgrass Productions) eraman zuen. Eta hirugarrena, epaimahaiaren sari berezia, «Encordades» filmak (Alkimia Produccions) jaso zuen.

sariak

Guztira sail ofizialeko 40 pelikula ikusi dira, eta hamar sari banatu dituzte. Garrantzitsuena, film onenari sari nagusia, «180º South» filmak jaso du.

jarraipena

Europa Jauregitik guztira 4.300 ikusle pasa dira, eta bi egunetan aretoa bete egin zen. Antolatzaileek diote laugarren ekitaldia arrakastatsua izan dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo