GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Haziaren urtea

Beste urte baten atarian gaudenean, aurrera edota atzera begiratzeko joera ekidinezina da. Joandakoa, zaldiko-maldiko bukaezinean igarotzen zaigu burutik uneren batean edo bestean. Gaur, horixe egiteko guraria besterik ez dut. 2011 urtea badoa, betiko, eta 2012ri ongietorria egiteko gutxi falta dela, aurtengoak emandako irudiak darabilzkit gogoan... Batzuk pertsonalak, poza edo nahigabea eragin didatenak; beste batzuk, berriz, kolektiboak, denok gogoratuko ditugunak, zein urtetan jazo ziren zehazki jakin barik ere, orain sinesgaitza iruditu arren. Beraz, hemen nago irudiak geldiarazi eta benetan, guztioi, merezi izan digutenen harrapaketa egin nahian. Baina badakit zein den bildumatik atera eta nabarmendu nahi dudan irudia. 2011 urtean gertaturiko gauzarik handiena, harrigarriena, itxaropentsuena, pozgarri eta pizgarriena... milaka irudiz osa daitekeen argazki bakarra: munduko jendearen iraultza.

Mundu arabiarrean hasi eta domino efektuko iraultza horrekin batera, mundu mailan izan den mugimendu soziala, zibila, hainbeste lekutan, bakoitzak bere berezitasunei helduta, denek baitute oinarrian grina eta xede bera: gauzak aldatzea. Dela Ekialdean, dela Mendebaldean, herri xehea nazkatuta gaude politikarien jokatzeko moduaz; jendea, jendartea osatzen dugunok, botoak baino harago erabaki ororen hartzaile eta azken helmuga garenok, eta horien funtsezko partaide izan beharko genukeenok, berriro sinetsi dugu bestelako mundua ez dela utopia hutsa; guztiak ez bagara ere, asko eta asko gara gure ahotsa aintzat hartua izateko eskubide osoz exijitu dugunok, kalera atera eta gure ezinegona erakutsita. Olatu moderno moduko bat gertatu da aurten munduan, eta nire ustetan, hori da 2011k eman duen gauzarik gogoangarriena. Izan bedi geldiezina ere bai! Udaberri Arabiarra deiturikoan, Tunisian hasi eta beste hainbat herrialdetara zabalduriko iraultza sorta horretan, diktadoreak eta errepresiogileak erori ziren; ondoren, hauteskundeak egin dituzte, aldi baterako gobernuak eratu dira, zer, nola, nork erabaki bitartean nora ezean ez geratzeko, eta ikusteko dago zein etorkizun eraikiko duten herrialdeotan. Mugimendu sozialek ongizate estatuaren oinarrizko gezurra leherrarazi dute: erosotasuna. Izan ere, guztiak ez gara eroso bizi, ez dugu gustuko gure gizarte eredua, ez gaude ados gure gobernuen politikekin, eraikitzen ari garen balio monetario hutsezko munduarekin, zer zaren zenbat duzun bereizten duen horrekin.

2011ko protesta eta mobilizazio guztien atzean pertsonak egon gara, gizon zein emakumeak. Borrokaren aurpegiak traza femenino zein maskulinoak izan ditu, eta 2012an ikusi nahiko nukeena horixe da, hain zuzen: traza horiek itxuraldatu ez eta, areago, gero eta parekatuagoak bihurtzen direla. Alegia, iraultza horien nahitaezko berdintasun osagaia ez dela, oraingoan ez, hutsaren hurrengoan geldituko. 2011koek, urte mugitu baten pasadizo hutsetan geratu barik, oinarri-oinarritik aldatuko dituztela herrialdeak, emakumeak beharrezko duen behin betiko aitorpen osoa gauzatuta. 2011 haziaren urtea izan dadin munduaren gogoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo