GARA > Idatzia > Kultura

Ibia, euskal musikaren eta jazzaren arteko emaria zeharkatzeko

Ibaiaren ertz batetik bertzera igarotzeko toki egokiari deitzen zaio ibia. Maiz zubiak eraikitzen dira horrelako lekuetan. Gorka Benitez Quartet jazz laukotearen eta Sustraien Ahotsa abesbatzaren lana musikaren ibaian gauzatzen da, ibiz ibi bien arteko emaria zeharkatzeko.
p051_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

«Berebiziko abentura dela uste dugu», «gauza ederrek ez dute preziorik», «hunkidura, zirrara eta adrenalina kiloka eskaintzeko prest gara»... Halaxe aurkeztu dute Gorka Benitez Quartetek eta Sustraien Ahotsa abesbatzak Ibia, Hondarribian elkarrekin prestatu duten proiektua. Lehendabiziko kontzertua herri honetan izanen da, Itsas Etxea auditorium antzoki berrian, bihar 20.00etan. Hurrengoa, Bilboko Alondegian, etzi ordu berean.

Bi aldetakoa da lana: nazioartean goi mailan dabilen jazz musikari laukotea batetik, hainbat herritako lagunek osatua. Gorka Benitez (saxo tenorea eta bohem xirula) euskalduna da, David Xirgu (bateria) eta David Soler (gitarra) kataluniarrak, eta Masatoshi Kamaguchi (kontrabaxua) japoniarra. Abesbatza bestetik, kantuan eskarmentu handia duten pertsonen taldea, Migel Zeberiok zuzendua.

«Loriak udan», «Txitxiriko», «Kantuz», «Lo hadi ainguria», «Kyrie», «Goizian argi hastian», «Ave Maria» eta bertze hainbat kantu interpretatuz, guztiz desberdinak diren bi erregistro amalgamatuko dira: abesbatza eta jazz laukotea. «Baina kasu!, ez pentsa entzungo duzuna bi usadio desberdinen arteko fusioa izango denik, ez eta euskal musikaren jazz bertsioa. Zeberiok eta Benitezek hautaturiko obrak, berezko duten plastikotasunari esker, zehaztasun eta zorroztasunez interpretatzeko erakoak dira proposamen berezi honen karietara», argitu dute aurkezpenean.

Proiektuaren hastapena

Ekimen honek 1999. urtean du hastapena, AEBetako mendebaldean, han egin baitzuten bira bat elkarrekin Gorka Benitezek eta Migel Zeberiok. Saxofonista bilbotarrak aspalditik buruan zebilkien ideia bat baieztatu zuen: uste baino gertukoagoak ditu bere musikaren kontzepziotik euskal folklorearen sonoritateak, eta musika ulertzeko era antzekoa partekatzen dute abesbatza zuzendariak eta biek: «Pultsua, forma, motiboak, espazioak, garaiak edo estetikak berriro biltzeko eta harmoniatsuki bilakatzeko, urruntzen diren ozeano amaigabean urtutako kategoriak lirateke».

Benitez Bizkaiko hiriburuan rock musika adituz hazi zen, eta musikaren munduan hezi, egun bizi den Bartzelonan eta AEBetan. Zeberiok, aldiz, bere herriko, Tolosako abesbatza lehiaketaren eraginez musika mota honetan sakondu du Donostian, eta pop, jazz, herri musika eta bertze lengoaia batzuen nahasketa jorratu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo