GARA > Idatzia > Kultura

Ibaeta abesbatza, barreneko frustrazio batetik sortua, euskarazko Gabon kantak kantatzeko

Maider IANTZI | DONOSTIA

Orain dela bost urte Donato Unanue, Ibaeta abesbatzako zuzendaria, penaz konturatu zen Gabon gauean ez zuela auzoan euskarazko Gabon kanta bat bera ere aditu. «Zer, ez diagu kantatuko?», galdetu zien lagunei eta taberna osoa jarri zuten abesten. Barruan sentitu zuen frustrazioak harago eraman zuen Unanue eta hurrengo urtean abesbatza sortu zuen, auzoan euskal eta Gabon giroa zabaltzeko asmoz. Hala, pixkanaka-pixkanaka handitzen joan da taldea eta gaur egun 55-60 kantari elkartzen dira, Gabon kantak ez ezik, bestelakoak ere abesteko. Euren berezitasunetako bat kalejirak egiten dituztenean lau edo bost ahotsetara kantatzea da. «Aurten hala erabaki dugu, ahots batera ez kantatzea eta jendeari gustatzen zaio. Ez zegoen ohituta kalera atera eta 60 pertsona kantari ikustera. Bitxia, harrigarria egiten zaio eta galdetu egiten digu: aurten ere aterako zarete, ezta?».

Bihar, San Vicente parrokian

Hurrengo kontzertua bihar emanen dute, 20.00etan Donostiako San Vicente parrokian. Hamasei kanta prestatu dituzte entzuleen belarriak goxatzeko: «Irten ezazu», «Hator, hator», «Ding dong, ding don»... Asteazkenean, Matia ospitalera joanen dira eta ostiralean, Errenteriara bertze abesbatza batzuekin batera kantatzera. «Oraingoz, ematen ditugun kontzertuetan dena euskaraz egiten dugu. Gure bidea batik bat euskarazko kantak eta euskal egileek egiten dituztenak abestea da, geureak direlako eta geuk ez baditugu kantatzen ez dituelako inork kantatuko», nabarmendu zuen.

Eguberrien ondotik, bertzelako euskal kantekin segituko dute. Urtarrilaren 26an eta Santa Ageda bezperan dituzte hurrengo hitzorduak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo