GARA > Idatzia > Ekonomia

Itsasotik zelaira, landa gunean ekiteko aukerak aztertu dituzte Zumaian

Landa eremuak eskaintzen duen aukera zabaltasuna ikusarazi eta bertan negozio aukerak sustatzeko ekintzailetza jardunaldiak egin ditu Zumaian Itsasmendikoi elkarteak. Bertan, norbere proiektua zehazteaz gain, ondorio argia atera dute: Euskal Herriko landa guneak indar handia du eta balio horiei etekina ateratzea ezinbestekoa da.

p028_f01.jpg

Iraia OIARZABAL

Zumaiako flysch-a parez pare zutela, hogei bat ekintzailek landa eremuetan enpresa proiektuak garatzeko aukerak aztertu zituzten pasa den asteartean Zumaian ospatutako jardunaldietan. Itsasmendikoi (IMK) elkarteak antolatuta, landa guneek eskaintzen dituzten baliabideen aberastasuna nabarmendu zuten bertan. Horrela, negozio aukera berritzaileak eta erakargarriak aurrera ateratzeko, inguruan dauden potentzialtasunez ohartzea eta hauei erabilera egokia ematea ezinbestekoa da Leire Zaballa IMK-ko kide eta jardunaldietako teknikariaren ustez.

Jardunaldiak elkarlanean oinarritu ziren lehenengo atalean; hitzaldi eta tailerren bitartez ekintzailetasuna eta enpresa gestioa hobetzeko bide-orria marraztu zuten hasteko. Lehen urrats horretan, negozio berri bati ekitean sortzen diren oztopoak aztertu zituzten. Ostera, proiektu berri bati ekiteak motibazio andana ere badituela ondorioztatu zuten parte-hartzaileek. «Bidea ez da erraza, oztopoak daude, baina helburua maite duzun horretan lan egitea da eta horrek aurrera egiteko indarra ematen du», azaldu zuen Zaballak.

Bigarren fasean banakako lanari ekin zioten, norberak bere proiektua aztertu eta bere beharrizanak asetzean zentratu ziren ekintzaileak. Horretarako, proiektuaren azterketa ez ezik, merkatuaren azterketa sakon bat egiteak duen garrantziaz ohartarazi zuten.

Zaballak adierazi zuenez, ekintzailetzak baditu zenbait zailtasun, batik bat finantziazioari dagozkionak edota hasierako ziurgabetasuna. Ildo horretan, hasierako bidean lagungarri izan nahian, diru laguntzak lortzen eta enpresa planak garatzen laguntzen du IMK-k. Bestalde, sormena landu eta negozio ideiak buruan bueltaka dituzten horiei lagundu nahian, landa eremuan ekiteko hirugarren ideia lehiaketa antolatu dute IMKn. Hortaz, urtarrilaren 30era bitartean, landa eremuan zentratutako proiektuak aurkezteko aukera izango da. Trukean, irabazleak negozioa aurrera ateratzeko IMKren aholkularitza eta 7.500 euroko diru saria jasoko du.

Turismoaren indarra

Zumaian aztertutako ideiek esparru zabala hartu zuten landa eremuaren baitan. Esaterako, Beizaman iraunkortasunean oinarritutako aterpetxe bat irekitzeko proiektua eraman zuen ekintzaileetako batek. Turismoa eta nekazaritza uztartuz, Durangaldeko gaztandegi batean, tailer eta erakusketa ezberdinak antolatzeko ideia proposatu zuen beste gazte batek. Bestalde, kanpinak martxan jartzeko asmoa izan zen jardunaldietan nagusitu zen ideietako bat.

Adibide horiek ikusita, pentsa daiteke turismoa dela Euskal Herriko landa eremuan negozio aukera gehien ematen duen arloa, eta, neurri batean hala bada ere, Zaballak landa arloak aukera asko dituela ohartarazi zuen. «Kontuan izan behar da landa eremuak ia gure lurralde osoa hartzen duela», aipatu zuen. Hortaz, turismoa eta aisialdia nagusitzen diren arren, naturak eskura jartzen dituen potentzialtasun guztiei etekina ateratzen jakin behar dela gogoratu zuen.

Landa eremuak turismoaren arloan ematen dituen aukera zabalak ikusarazteko asmoz, Cristina Iturriagagoitia Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariak geoturismoaren inguruko hitzaldi bat eskaini zuen jardunaldien baitan. Bere ustez, naturarekin lotutako turismoak aukera asko ditu, eta, Euskal kostaldearen kasuan, gainera, oso turismo jasangarria dela azaldu zuen. «Etortzen den jendeak interes handia du gure natura eta kultura ezagutzeko», aitortu zuen.

Horrela, Euskal Herriak dituen ezaugarri fisikoen eraginez, turismoak batik bat oinarri geologikoa duela azaldu zuen, kostaldean dauden flysch formazioetan eta barnealdeko paraje karstikoetan zentratua alegia. Zentzu horretan, turismoa barnealdera eramateko helburua azaldu zuen Iturriagagoitiak, kostaldean garatuta dagoen hori eta turistentzat hain erakargarria dena, barnera ekartzea hain zuzen. «Zaila egiten zaigu jendea barnealdera erakartzea. Guk, ordea, potentzialtasun handia daukala uste dugu, ez soilik geologikoki, baita kulturalki ere». Hori dela eta, balio kulturalak, tradizioa eta gastronomia kostaldeko fluxu turistikoa barnealdera bideratzeko baliatu beharko lirateke.

Jardunaldiak bukatuta eta jasotako lezioa oinarri hartuta, ekintzaileei norbere ideiak garatzea dagokie orain. Dela turismoan, zerbitzuan edota nekazaritzan, ondorio argia atera zuten: Euskal Herriak behar adina baliabide eta aukera ditu landa eremuari etekina ateratzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo