Euskaltasuna atzerrian lantzen dihardu Madrilgo Euskal Etxeak
Eusko Ikaskuntzak Ene saria eman dio Madrilgo Euskal Etxeari, euskararen alde egiten duen lana dela-eta. Euskal Etxeak berak Madrilen bizi eta beren kultura eta hizkuntza mantendu, sustatu eta zabaltzeko elkartu diren euskaldunak omendu nahi izan zituen.M. LARRINAGA | DONOSTIA
Eusko Ikaskuntzak euskara sustatzeko lanetan gehien nabarmendu den kanpoko erakundearen alde bosgarren urtez banatzen duen Ene saria jaso zuen atzo Madrilgo Euskal Etxeak. Izan ere, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, Jose Maria Muñoak, azaldu zuenez, «oso garrantzitsua da Euskal Herrian euskaraz hitz egitea, baina baita kanpoan euskara irakastea ere, giro hori edukitzea. Madrilen bizi diren euskaldunek Euskal Herria Madrilen ikustea, alegia. Gure euskaltasuna mantentzen du horrek».
Madrilgo Euskal Etxearen aurrekari zuzena 1973an igandeko ospakizunetan elkartzen ziren euskaldunen taldeak eraikitako elkartea izan zen. Garai hartan antolatzen ziren ekintzen artean euskararen irakaskuntza, hitzaldi zikloak, euskal kantari adierazgarrien kontzertuak edota Madril inguruko txango kulturalak topa daitezke.
Euskaltegi unibertsala
Gaur egun, Euskal Etxearen ekintza garrantzitsuena euskaltegia dela adierazi zuen atzo bertako lehendakariak, Julio Elejaldek. Izan ere, euskaltegi hau da Euskal Herritik kanpo ikasle gehien dituena. Une hauetan 123 ikasle ditu, baita hogei haur ere larunbatetako saio berezi batzuetan eta antolatzen diren ekimen guztiak irakaskuntzaren ingurukoak izaten dira.
Hala, San Ignazio elizan igandetan euskarazko meza entzuteko aukera dute madrildar euskaldunek. Bestetik, abesbatza bat ere badute, hilean behin eliza horretan abesten duena. Baina kultura mantentzeko haurrak ezinbestekoak direnez, abenduaren 17an Olentzerok bisita bat egin zien Madrilen Euskal Herrira etorri baino lehen. Bertan, Olentzerorekin batera, abesbatza eta dantza talde bat ibili ziren, festa euskal kulturaz girotzeko.
Bestetik, Gorka Alvarez Aranburuk, Euskal Etxeko Euskara Arduradunak azaldu zuenez, euskaltegian ikasten duten ikasle gehienak Madrilen unibertsitate ikasketak egiten ari diren gazteak dira. EGA titulua prestatzeko erabiltzen dutela azaldu zuen. Bestetik, Filologia ikasten duten txinatar batzuek ere euskara hautatu dute hizkuntza «exotikotzat», eta oposizioak euskaraz egin nahi dituzten funtzionarioak ere ikasle dira.
«Madrilgo Euskal Etxeak ilusioz begiratzen dio geroaldiari eta gogoz jarraituko du euskararen hedapenaren alde. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira», esanez amaitu zuen Alvarez Aranburuk.