Jose Luis Gallastegi, Leo Belaustegi LAB-Arrantza
Arrantza defenda dezagun
Euskal Herriko arrantza sektorea egoera larrian da. Arrantza gure itsas portuetan jarduera ekonomiko garrantzitsua izan da hamarkadetan, gizarte eta kultura aberastasun handiak ekarri ditu, baina egun, desagertzen ari da. Arrantza galtzen ari da, eta berarekin batera, gizarte harremanak aldatu eta desagertuko dira, jarduera ekonomikoaren amaiera izango da, arrantza guneen erabateko suntsiketa gertatuko da. Azken hogei urte hauetan itsasontzien %70 desagertu dira. Eta Europatik datozen azken albisteen arabera, arrantza ahalmenean eta itsasontzi kopuruan murrizketa handiagoak izango dira.
Arrantza sektorearen antolakuntza azken mendeetako berbera dela ikus daiteke: jarduera ekonomikoa harrapaketa indiskriminatuan oinarritzen da; zenbat eta arrain gehiago harrapatu, «hobe». Arraina iraganeko kabanetako (lonja) era berberean saltzen da eta horrek errentagarritasun gutxi ekartzen dio sektoreari. Hori gutxi balitz bezala, arrantzaleak etekin txikiak partila erara eramaten ditu etxera, soldata finkorik gabe. Gero eta jende gutxiago dago arrantzale izateko prest; egun, euskal itsasontzietako arrantzaleen %40 atzerritarrak dira, eta kopurua urtez urte igotzen ari da.
Egoera larri hau azken 30 urteotako arrantza politika hutsalaren ondorio zuzena da. Gero eta ontzi handiagoak, gero eta arrantza gose handiagoa eta negozioa egiteko gero eta amorru handiagoa izan dira arrantzaren gidari bakarrak, eta gobernutik diru laguntzak ematera mugatu dira, inolako aldaketarik egin gabe, eta larriagoa dena, diru publikoarekiko izugarrizko menpetasuna sortuz.
Aurten, gure arrantzaleek antxoa arrantzatzeari utzi behar izan diote, saldu ezinik ibili direlako; bitartean, Euskal Herriko jantoki publikoetan, ikastoletan edota ospitaleetan, Vietnametik ekarritako panga, Hegoafrikako legatza edo Europa iparraldeko limanda-oilarra kontsumitzen aritu gara.
Zenbait sasipolitikarik euren jarduna justifikatu izan ohi dute, eta egindako lana ona izan dela defendatu. Inguruko arrantza gune guztiak hustu ostean euren balentriez harro agertu dira, gainera. Baina egin duten gauza bakarra izan da inolako planik gabeko diru laguntzak ematea, itsasontzi handiak eraikitzeko, arrantza ontziak baino gerrako barkuak diruditenak, munduko kostalde guztietan piratakerian aritzeko.
Egoera are eta larriagoa bihurtuko da Europar Batasunean prestatzen ari diren arrantza politika berria aurrera eramaten denean.
Arrantza zuzendaritza estatu handienen eskuetan geratuko da laster, eta horiek irabazi ekonomikoak lortzeko arrantza guneak hustea beste desiorik ez dute. Itsasoetan geratzen diren espezie gutxi horiek desagertu egingo dira; hau guztia, 2013an Arrantza Politika Komunarekin hasiko da.
Nazioarteko erakunde zientifikoen txostenen arabera, Ipar Atlantikoko nahiz Europar Batasuneko kostaldeko uretako arrain espezie gehienak segurtasun muga biologikotik behera daude. Salerosketarako diren espezien %80, Gehienezko Errendimendu Jasangarritik (GEJ) gora arrantzatzen ari dira. Harrapatzen diren arrain gehienek ez dute euren lehendabiziko ugalketarik burutu; %40 edo batzuetan %70 berriro itsasora botatzen da, hilik, ez baita merkaturatzen. Eta bitartean, Estatu espainolean kontsumitzen diren espezieen %60 atzerritik ekarritakoa da.
Zerbait egin beharra dago. Koherentzia falta nabarmena dago Europako helburuen eta horiek lortzeko proposatzen dituzten mekanismoen artean. Proposamen horietako batzuk lehenbailehen martxan jartzeko beharra ikusten dugu, ezin da horien ezarpena atzeratu, baina gertatuko dena beste zerbait izango da: proposamenek estatu eta enpresa handien presio politikoari, justifikazio sozialei eta arazo ekonomikoei egin beharko diete aurre, eta azkenean euren aplikazioa atzeratu egingo dute hurrengo politika komunarekin ezartzeko.
Europako politika berriak ez du arrantza industrialaren eta artisau arrantzaren arteko ezberdintasunik ezartzen eta hutsune horrek zuzenean eragiten du arrantza arduratsu eta jasangarria egin nahi bada. Izan ere, arrainaren arrantza baimenak Kuota Indibidual Besterengarrien (ITQ) arabera emango dira. ITQ-ek guztion ondasuna diren arrantza eskubideak pribatizatuko dituzte. Armadore bati edo itsasontzi bati Gehienez Onartutako Harrapaketa (TAC) bat esleituko zaio, baina hark TAC hori beste norbaiti saltzeko aukera izango du, enpresa handiei ere bai, eta poliki-poliki, arrantza eskubide hauek guztiak enpresa handien eskuetan geratzeko arriskua ikusten dugu.
Gurean jada ezagutzen dugu halako esperientziarik. Alturako azpisektorea bere arrantza eskubideen jabea da; armadore bakoitzak du horren gaineko eskumena, eta ikusi da horiekin zer gertatu den. Inor ez da gai izan, edo hobeto esanda, inork ez du nahi izan esleipena modu egokian kudeatu, eta ontziteriaren errentagarritasuna zalantzan jarri denean, eskubide horiek Euskal Herritik kanpora saldu dituzte armadoreek.
Baxurako arrantzan eskubide horiek kofradienak dira, eta erakundeek nahiko erabilgarritasun ona eman diete, gehiago edo gutxiago, arrantza kontrolatu egin dute eta deskargak ere bai, ingurumena hobeto errespetatuz. Alturan gertatzen den eran, baxurako itsasontzi edo armadore bakoitzari ITQ bat esleitzen bazaio, armadore bakoitza itsasoaren zati baten jabe egingo dela esan daiteke, eta gainera, hark nahi duenean saltzeko aukera izango du.
Euskal Herriaren etorkizuna erabat baldintzatuko duten erabakiak hartu beharko ditugu, gure herriaren ekonomiaren eta elikadura subiranotasunaren ardatzetako bat baita oraindik arrantza.
Euskal gizarteak erantzun beharra dauka, etorkizunaren jabe izan dadin. Ezin dugu onartu itsasoaren pribatizazioa eta arrantza eskubideen salerosketa. Kofradiek eskubide horiek bereganatu behar dituzte, arrantza sektorea aktibatzeko. Aurrerantzean arrantzak zientzialarien planifikazioen araberakoa izan behar du eta arrainaren harrapaketa neurtua izan behar da. Hau guztia posible da, baina horretarako lanean jarraitu behar dugu.
Euskal Herria ontziteria moderno baten jabe da, azken urteotan modernizatu dena, eta arrantza leku oso garrantzitsuak ditugu berton. Kofradiak ere hor daude, mendeetan sustraituak. Hori guztia ongi aprobetxatuz, eta eragile guztiek (armadore, arrantzale, sindikatu, ekologista...) parte hartuz gero, Euskal Herriak arrantzaren egoera hobetzeko erabateko aukerak dituela esan daiteke. Eta ikusten denez, kostaldeko udaletxeetan hori aurrera eramateko prest dagoen jendea badago jada.
Hasteko, arrantza eremuak mugatu behar dira, eta 12 milia barruan geratzen den plataforma kontinentala artisau arrantzarentzat babestu beharra ikusten dugu, bere bioaniztasuna zaintzeko. Bigarrenik, ontziteria ezberdinen kuotak bateratu behar dira, bakarka errentagarritasuna lortzeko duten zailtasunei aurre egiteko. Kuota horiek sektore bakar batek kudeatu behar ditu, Euskal Herriko arrantza sektoreak, eta arrantza zientzialari eta pertsona kualifikatuen irizpidea errespetatuz burutu beharko da. Azkenik, arrantza jardueraren kontrola kofradia nazional baten esku jarri beharko litzateke, non Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko ontziteriek esku hartuko duten.
Etorkizunari begira arrantza ikuspuntu nazional batetik jorratzea ezinbestekoa da. Sektorea osoki berrantolatu behar dugu, harrapaketatik hasi eta arrainaren komertzializazioraino, aberastasuna birsortu eta arrantzaleek lan baldintza duinak izan ditzaten. Baina horretarako OOPP, (Organización de Productores), kofradien, udalen eta gainontzeko erakundeen arteko harremana sendotu behar da, euskal portuak itsasontzi gabe eta euskal kostaldeak arrainik gabe geratzen diren bitartean, atzerriko arraina jaten jarraitu nahi ez badugu.
Hau da gure itsasontzia. Itsasoratu gaitezen guztiok bertan eta Euskal Herriaren elikadura subiranotasuna arrantzan oinarritu dezagun berriro.