GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Txerra Bolinaga, Oihane Perea Plazara!-ko kidea eta bertsolaria, hurrenez hurren

Errezeta zaharrak, garai berrietarako

Polizia, epaile eta murruen gainetik, bide hau Ekaitzekin batera egingo dugu. Bertsoak kantatuz, herri ekimenetan parte hartuz, Alde Zaharretik boterea zirikatzen nahi dugu Ekaitz. Gure artean nahi dugu

Dena 2009. urteko irailaren 27an hasi zen. Ertzaintzak Ekaitz Samaniego gasteiztarra atxilo hartu eta inkomunikatu egin zuen. Ia sei hilabete beranduago, sumario berdinaren pean, Adrian Donnay eraman zuen Eusko Jaurlaritzako poliziak. Adrian, Txiki, inkomunikatu ez ezik, torturatu ere egin zuten.

Epaiketa heldu bitartean aske geratu ziren biak. Aske edo erdi aske, denbora tarte horretan edonoren bizitza eta gogoa baldintzatuko lukeen fiskalaren zigor eskaera ezagututa izan baikenituen gure artean. Kristal bat apurtzeak 14 urteko kartzela zigorra eta bost urtean Gasteizen bizitzeko debekua merezi zuela erabaki zuen Estatuak.

Zama astun hori gainean urte eta erdi eman zuten. Epaiketa 2011ko urtarrilean egin zen. Lotsagarria, justizia terminoetan baloratuz gero: Zorionekoak Txiki eta Ekaitz, Auzitegi Nazionalean ohikoa dena ezaguturik.

Epaiketa, bermerik gabea. Ez gara honetan luzatuko, baina, adibide bat jartzearren: Nola sentitu daiteke epaitua, norbere bizitzaren gainean erabaki behar duen epailearen erdi lokartu-erdi aspertu jarrera ikusirik? Nola bere hurbileko senide eta lagunak?

Eta epaia heldu zen. Txiki, komunikabideetan eta poliziaren ahotan entzundakoak entzun eta gero, torturatua izan eta gero, libre, inongo kargurik gabe. Ekaitzi, zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra. Sei Segiko kidea izatea egotzita, urte eta erdi kristalaren apurketagatik. Berriki jakin dugu Auzitegi Gorenak Ekaitzek jarritako errekurtsoa ebatzi duela, injustiziari mugak jarri ordez injustizian sakonduz egin ere. Kristalaren apurketagatik urte erdi luzatu dio zigorra, orotara zortzi urte, beraz.

Hausnarketa baten beharra dugu hemen. Ekaitz kartzelara eramango duena ez da kristal bat apurtu izana edo ez, Segiko kidea izatea leporatu izana baizik. Segiko kide, beraz ETAkoa. Eta nola frogatu da hori epaiketan? Batetik, epaituaren ETArekiko afinitatea zalantzarako tarterik gabe frogatuz. Esaterako, presoen dispertsioa amaitzea eskatzen duten mobilizazio legal eta publikoetara agertu izana leporatuta. Bigarrenik, Segiko kide dela ziurtatzen omen duten frogak mahai gaineratuta: miaketan molotov koktelak aurkitu zituzten akaso? Atentatu baterako planoak bestela? Ez. Ertzain baten deklarazioak dira froga, 2008-2009 bitartean Ekaitz hiruzpalau aldiz kartelak jartzen ikusi zuela ziurtatuz.

Hau da: Ekaitz mozkorraldi txar baten ondorioz kristalak apurtzen aritu izan balitz, edo frustrazioak baretzeko kontenedoreak erretzen dituen Albaceteko semea balitz, bertako epaitegi batek epaituko luke eta ez legoke kartzelan amaitzeko aukerarik. Aldiz, euskaldun sentitu eta euskaldun bizi nahi izateak, gizartean dauden arazoekiko kezka agertzeak eta politikoki aktiboa izateak, isun ekonomiko arina litzatekeena 8 urteko kartzela zigorra bihurtzen du.

Baina, hau ez da Ekaitzen arazo isolatua. Atxiloketa, inkomunikazioa, tortura, edo bermerik gabeko epaiketak gazte independentista askoren bizipenak dira. Euskal Herrian eta Gasteizen, hamarnaka dira Segiren pegatinak izateagatik, bilerak egiteagatik edo legeztatutako mobilizazioak deitzeagatik errepresaliatutako gazteak. Batzuek urteak egin dituzte kartzelan, beste batzuk egun daude Estatuko ziegetan, asko kalean dira oraindik epaiketaren zain.

Baina, hau ez da euskal gazteria independentistaren arazoa soilik. «Dena da ETA» teoriapean, hamaika dira azken hamarkadan legez kanpo utzitako antolakunde sozial eta politikoak. Ehunka, antolakunde horietan egindako lan sozial eta politiko hutsak kartzelara eraman dituen pertsonak. Prentsaurrekoak emateagatik, eztabaidarako dokumentuak idazteagatik, mobilizazio herrikoietan parte hartzeagatik... Euskal Herri burujabe bat lortzeko lanean murgiltzeagatik, finean. Bestelako moduekin, bestelako etorkizun berriak eraikitzeko aukera zabaldu zaigu Euskal Herrian. Etorkizun hori behingoz gauzatu dadin, noiz bilakatuko da Estatuaren jardun errepresiboa iraganeko kontu?

Baina, oinarrizko askatasunen urraketaren arazoa ez da soilik ezker abertzalearena edo euskal herri autodeterminatu bat nahi dutenena. Nagusi den gizarte eredu hau eraldatu nahi dugun guztiona da, izan antikapitalistak, feministak, aurrekontu sozial eta parte hartzaileen aldekoak, deshazkundearen defendatzaileak, okupak edo dena delakoa. Guztioi ari dira gure nahi eta ikuspuntuak gizarteratzeko herri mugimenduarenak diren tresnak lapurtzen edo murrizten: kalearen erabilera, mobilizazioa, antolakuntza, elkartasuna eta abar. Kriminalizatzearen kriminalizatzeaz eta lege-kolpeka, adierazpen kritiko oro mututu nahi dute.

Eta, honen aurrean zer? Gure eskubideak praktikatzen jarraitu, eta hauek praktikatzeagatik errepresioa jasaten dutenen inguruan salaketa eta elkartasuna antolatu. Gure eskubide zibil eta politikoak bermatuta nahi ditugulako. Alde Zaharra, Gasteiz eta Euskal Herria eraldatzeko lanean jarraituko dugulako. Ez dugulako ametitu nahi Ekaitzek edozein unetan atxilotua eta kartzelatua izateko duen arriskua.

Polizia, epaile eta murruen gainetik, bide hau Ekaitzekin batera egingo dugu. Bertsoak kantatuz, herri ekimenetan parte hartuz zein antolatuz, Alde Zaharretik boterea zirikatzen nahi dugu Ekaitz. Gure artean nahi dugu.

Ekaitz etxean nahi dugu! Epaiketa politiko gehiagorik ez! Gora euskal gazteria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo