GARA > Idatzia > Euskal Herria

Uholdeek eragindako kalteak ordaintzeko administrazioei ate joka

Azaroko uholdeek kalte handiak eragin zituzten Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, baina azken honetako Gobernuak ez du diru laguntzarik esleitu. Leitza, Goizueta eta Aresoko udalek, besteak bestek, beren gain hartu behar izan dituzte milaka euroko lanen kostua. Hori dela-eta, aurrekontu-sail berezia jartzeko eskatzen dute.

p015_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

Iragandako azaroaren 5 eta 6ko asteburua madarikatua izan zen askorentzat. Zerutik erori zen milaka eta milaka litro urek uholdeak ekarri zituen Euskal Herriko eskualde eta herrietara. Ordu gutxiren buruan, etxebizitzak eta autoak galdu zituzten askok; Irungo bizilagun batek bizitza bera, baratzean lanean ari zela ordurako indar handia zuen ibaira erori eta gero. Ia bi hilabete betetzear daudenean, aseguru etxeek dagoeneko jaso dituzte milaka eta milaka erreklamazio eta kaltetuak diru laguntzak jasotzen hasi dira.

Gipuzkoaren kasuan, Aldundiko ordezkariek Madrilera jo zuten kalteen gastuaren portzentaje bat bere gain har zezala eskatzeko. Beste hainbeste egin zuten Lakuarekin. Hala, bi erakundeek emango zuten erantzunaren arabera, Aldundiak laguntza bat edo beste esleituko zuela adierazi zuen. Hondamen eremu izendatzeko eskatu zioten halaber Rodolfo Ares Barne sailburuari, baina honek uko egin zion. Gogorarazi zuenez, «gaur egungo legedia da diru laguntzak erregulatzen dituena».

Nafarroan ere hainbat herrik une larriak bizi izan zituzten, batez ere azaroaren 6an. Hurrengo egunean bertan Areso, Leitza, Goizueta, Baztan, Lesaka eta Zugarramurdiko alkateak bileran bildu ziren, egoeraren aurrean zein prozedura jarraitu beharra zegoen aztertu eta zein diru laguntza eskatu zitezkeen ikusteko.

Diru laguntzak eta lehentasuna

Teknikariak ere bertaratu ziren, kalteak zenbatekoak izan ziren ikuskatzera. Alde batetik, tokiko administrazioko ordezkariak bertaratu ziren, abeltzaintza eta basozaintza departamentuetatik. Erreka inguruan jazotakoa aztertzera, berriz, Kantauriko Ur Konfederaziokoak gerturatu ziren. Azken honek erreketako kalte batzuk bere gain hartu bazituen ere, Nafarroako Gobernuak uko egin zion diru laguntzak emateari. «Ingurumen Sailarekin bilera eskatu genuen, bertan daudelako Abeltzaintza eta Baso Azpiegiturak, baina azken honek ez zigun hitzordua eman», dio Ur Alguero Aresoko alkateak.

Abeltzaintzako ordezkariek aurreratu zieten ez zutela hondamen eremu izendatzeko asmorik, «horretarako dirurik ez dagoela» argudiatuz. Bilera berean alkateei jakinarazi zieten 2012ko aurrekontuetan ez zela horretarako diru lerro berezirik egongo.

Leitzako egoera berdina da. Udalak dagoeneko 15.000 euro gastatu ditu etxe batzuetara iritsi ahal izateko bideak konpontzen, baita mendiko pistak garbitzen ere. Gaur egun udal askotan aurrekontuak oso txikiak dira eta diru laguntzek murrizketa handiak jasan dituzte. Hori dela-eta, Leitzako Udalak ez daki Nafarroako Gobernuak diru hori itzuliko dion ala ez, baina lan haiek ezinbestean egin beharrekoak zirela dio Oier Eizmendi alkateak. Uholdeak «loteria» modukoa dela iritzi dio, inork ez baitu bere kabuz erabakitzen haren kalteak jasango dituen edo ez. Horregatik diru laguntzak beharrezkoak direla nabarmentzen du, eta administrazioak halakoetan erantzun egin behar duela.

Hain zuzen, asteburu madarikatu haren ostean Baso Azpiegituretako ordezkariekin ukatu zieten bilerarako hitzordua eman diete azkenean Nafarroan kalteak jasan dituzten udaletako ordezkariei. Iruñean bilduko dira, datorren urtarrilaren 10ean. «Ez dugu diru laguntzarik eskuratzeko itxaropen handirik -diote Alguerok eta Eizmendik-, baina bai espero dugu etorkizunean egingo diren lanetan kaltetuak izan garenak lehentasuna edukitzea».

Ura agentziak 708.470 euro gastatuko ditu mantentze lanetan

Aurtengo uholdeak 1983an jazotakoak baino bortitzagoak izan direla zioten Donostiako Martutene eta Txomineneko bizilagunek. Bizkaian ez zen horrenbestekoa izan, bai ordea Gipuzkoan. Hain zuzen, URAk, EAEko uraren agentziak, hala baieztatu du, atzo helarazitako txosten batean.

Halaber, jakitera eman du 488.370,45 euroko aurrekontuarekin martxan jarri dituela Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban Larrialdietarako Lanak, hain zuzen azpiegitura hidraulikoak konpontzeko. Lanak Oria, Urola, Zelai, Oiartzun eta Urumea ibaietan egitekotan dira.

Horrez gain, ibai ibilguen mantentze lanak ere abian jarri ditu URAk,

220.100 euroko kostuarekin. Batetik, azaleko uren inguru fisiko-kimiko eta biologikoa zainduko dute, eta, bestetik, ibilguen eta erreka-ertzen aldaketa edota okupazioa saihestea bilatuko dute.

Horrenbestez, azaroak 5 eta 6ko uholdeez geroztik mantentze lanetarako inbertitutako diru kopurua 125.000 euroko izan da Gipuzkoan, eta 95.000koa Bizkaian. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo