Berezkoak
Waltarik eta Kurutxarik lortu dute urtarrilaren 8an jokatuko den Superprestigioko finalerako txartela
Jon LEUNDA
Waltarik eta Kurutxarik jokatuko dute Superprestigioko finala Donibane Garazin, urtarrilaren 8an. Aurtengo Buruz Buruko Txapelketako final bera izango da. Orduan Kubakoak irabazi zuen, eta atzokoa ikusita, Kurutxariren alde ere jende ugari jarriko da, finalerdietan itxura hobea eman baitzuen.
Lehen finalerdian Waltarik 40 eta 33 irabazi zion Ezkurrari, 56 minutu pilotan aritu ostean. Amerikarrak, hala ere, gorriak ikusi zituen lapurtarra mendean hartzeko. Markagailuan 9-19 atzetik ere aritu zen, eta bazirudien partidak ihes egin ziola, Paxkal nagusi baitzen jokoan, eta Waltari ezinean ari zen.
Amerikarraren erantzuna, ordea, bikaina izan zen, eta 11-1eko partziala sartu zuen, neurketa 20-20 berdintzeko. Bazirudien zailena egin zuela, eta hortik aurrera garaipena erraz lortuko zuela; baina lapurtarrak etsi gabe jarraitu zuen lanean, askotan aurkaria menderatuz. Egin beharreko lana handia izan zen, eta partidako azken txanpara indarrik gabe iritsi zen, eta orduan Waltarik ez zion barkatu, eta berak eskuratu zuen finala jokatzeko txartela. Atzokoan Waltarik sakea euskal pilotariak bezala egin behar izan zuen, behetik gora astinduz pilota.
Lehen jokaldiari esker, 7 kintze egin zituen, bat gutxiago Ezkurrak. Jokoan, 29 tanto egin zituen Waltarik, eta 18 Ezkurrak. Galdu, berriz, 9 eta 4 egin zituzten. Markagailua honela joan zen: 5-0, 5-5, 8-13, 9-19, 20-20, 21-21, 22-22, 24-24, 25-25, 26-26, 30-30, 33-30, 37-31 eta 40-33.
Bigarren finalerdian, Kurutxarik 40 eta 17 irabazi zion Harizmendiri, 52 minututan. Anddek sekulako itxura eman zuen, eta beti nagusi izan zen. Markagailua honela joan zen: 3-0, 3-3, 16-4, 21-8, 28-14, 34-15, 37-16 eta 40-17. Saketik 8 tanto egin zituen Kurutxarik, eta Thierry Harizmendik bat bera ere ez.
Udazkeneko Txapelketako finalerdiak, berriz, bihar jokatuko dira Ezpeletan, 16.30ean hasita. Lehenengoan, Ibarrola eta Kurutxari Lanberten eta Ezkurraren aurka arituko dira, eta bigarrengoan, Bielle eta Ozafrain Larretxearen eta Ducassouren aurka. Finala, hilaren 30ean izango da.