Aizkora Desafioa
Mindegiak eta Kañamaresek apustua jokatuko dute
Bi aizkolari gazte hauek otsailaren 19an neurtuko dituzte indarrak.
Jon LEUNDA
Xabier Mindegiak eta Julen Kañamaresek jokatuko dute datorren urteko lehen apustua. Pasa den ostiral gauean batu ziren Donezteben, eta hantxe bertan jokatuko dute otsailaren 19an, 12.00etan hasita.
Aizkolari bakoitzak zortzi kana-erdiko eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Plazara, berriz, Kañamaresek bi oinbiko eta bi kana-erdiko eraman beharko ditu, eta gainerakoak, aldiz, Mindegiak plazaratu beharko ditu.
Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu dirutan. Gaixotasunen bat izanez gero, 72 ordu lehenago aurkeztu beharko dute sendagilearen agiria, eta gehienez ere astebete atzeratu ahal izango dute, eta tarte horretan atzerapena eskatu duenak, besteari eguneko 50 euro eman beharko dizkio. Apustura, kirolari bakoitzak bi laguntzaile eraman ahal izango ditu.
Desafioa Nafarroako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du, eta amaieran dopinaren aurkako proba pasatu beharko dute. Horren emaitzak jaso bitartean, irabazleak ez du dirurik jasoko, horrela garaipena lortzen duenak positibo emango balu, apustua galtzeaz gain, diru guztia ere galduko luke. Sarrerekin biltzen den diru guztiarekin eta gastuekin, berriz, bi aizkolariek erdibana egingo dute.
Bi kirolari gazte hauen arteko demak ikusmin handia piztuko du. Xabier Mindegia oso gazterik heldu zen nahiko gora, baina azken urte hauetan ez du urratsik aurrera eman. Orain, apustu honekin berriro ere bere mailarik onena erakusteko aukera izango du nafarrak.
Kañamares oraindik gazteagoa da, baina behetik gora indar handiarekin datorren aizkolaria da. Kontuak horrela, neurketa bera estua iragartzen da, eta jendeak badauka gazte hauek lanean jo eta su ikusteko gogoa.