GARA > Idatzia > Euskal Herria

Irailean Donostian okupatu zuten Uxotegi eraikina itxi egin du Ertzaintzak

GARA | DONOSTIA

Atzo goizeko hamarrak aldera zigilatu eta hesiz itxi zuen Ertzaintzak Uxotegi etxe okupatua. Donostiako Alde Zaharrean kokatutako eraikina irailean okupatu zuten, eta atzo Ertzaintza sartu zenean ez zegoen inor barruan.

Lakuako Barne Sailak adierazi zuenez, operazioa 7.20 aldera hasi zen, eta ez zen ez istilurik, ez atxiloketarik izan. Pare bat furgoneta sartu ziren Alde Zaharrera. Ertzaintzak gero azaldu zuen epailearen agindua zuela eraikina husteko.

Pasa den irailaren 24an hartu zuten gazteek eraikina eta komunikabideen aurrean azaldu zuten auzoko Gaztetxe bilakatzea zela Uxotegiren intentzioa, proiektu sortzaileak eta parte hartzaileak martxan jarriz.

«Usurpatze delitua»

Eraikinaren jabearen abokatuak, Patxi Lobatok, atzo bertan azaldu zuenez, ertzainak bertaratzean eraikin barruan ez zegoenez inor, gazteak ustez egiten ari ziren «usurpatze delitua» bertan behera gelditu da. Hala eta guztiz ere, prozesu judiziala ez da amaitu, bere garaian bide zibiletik nahiz penaletik jo baitzuten auzitara.

Donostiako epaitegi bat arlo penaletik egiten ari da ikerketa, eraikinaren jabeak salaketa aurkeztu baitzuen bertan. Prozedura honetan izan dira jada inputatu gisa deklaratu behar izan dutenak, tartean Josetxo Ibazeta, Juan Karlos Izagirre alkatearen idazkaria. Demanda zibilari dagokionez, beste epaitegi bat izan da prozedura hasi duena.

Lobatok azaldu zuen okupazioan parte hartu dutenek «kalte-galerak eta gastuak» ordaintzen amaitu beharko dutela. Era berean, Justiziak «lehenago funtzionatu» behar zukeela ere gaineratu zuen.

Udaleko oposizioa, kontent

Udaleko oposizioko taldeak -PSE, EAJ eta PP- pozik agertu ziren Uxotegi itxi izanaz. Ernesto Gasco PSEko bozeramaileak azaldu zuenez, «zorionez Justiziak normaltasunera ekarri du nabarmen legez kontrakoa izan den egoera». Eta «legez kontrako egoera» hori Bilduren Udal Gobernuak «babestuta» egon dela gaineratu zuen.

Bestalde, EAJko bozeramaile Eneko Goiak iritzi zion, portaera honekin Udal Gobernua «bere eginbeharra» betetzen ari dela eta operazioa «normaltzat» jo zuen.

PPko zinegotzi Jose Luis Arrueren ustetan, «Gobernu taldeak denbora luzez kontrakoa esan arren», Uxotegi «eraikin pribatua da eta batek ezin du bertan sartu eta okupatu».

Ikerketa batzordeak «bere bidea» jarraituko duela ere esan zuen, honen helburua baita «talde politikoek gertatutakoaren berri izan eta egindako gestioaren gaineko balorazio politikoa ematea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo