GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Pala Liburu aurkezpena

Belaunaldi baten argazkia, Iturzaeta ardatz hartuta

«Joxe Mari Iturzaeta, pala belaunaldi bat» 612 orrialdetako liburu mardula osatu dute Andoainen.

p042_f01_435x453.jpg

Jon ORMAZABAL

Gaur egun galduta duen garrantzia izan zuen palak duela urte batzuk eta 80ko eta 90eko hamarkadetan kirol honen inguruan bizi izandakoaren erradiografia moduko bat egiten du Andoaingo Iturzaeta Batzordeak osatu duen «Joxe Mari Iturzaeta, pala belaunaldi bat» liburu mardulak. Sorabillako palista handia zena ardatz hartuta, pala Bilbora mugatzen ez zeneko garaiaren deskribapena osatu dute bere bizilagunek 612 orrialde eta 350 argazki biltzen dituen lanean.

Amaitzear den 2011. urtean bete dira 25 urte andoaindarrak profesionaletan debutatu zuela, eta efemeride horren harian, bizilagun eta kide izan zuten lagunez osatutako batzordeak antolatutako beste ekintzetako bat da argitalpena -ekainean omenaldia egin zioten, baita bi pala txapelketa ere antolatu ere-.

Batzordean aritutakoen artean elkarlanean egindako liburu hau lau atal nagusitan banatzen da, lanaren koordinazio lanetan aritutako Xabier Lasak GARAri adierazi zionez. Lehenengoan, Joxe Mari Iturzaeta zenaren kirol ibilbidearen errepaso zabal bat egin dute, afizionatuetan eta batez ere profesionaletan jokatutako partiden kronikak bilduz. «Afizionatuetan zailagoa izan da, baina profesionaletako denak ez baditugu, %99a bai».

Bigarren zatian, 1994. urteko otsailaren 16an garai guztietako palistarik onenetakoa izan denaren heriotzak izandako erreakzioak, eta horrekin batera jendeak zion maitasuna bildu dute, hemerotekako lan garrantzitsu baten ostean.

Hirugarren atalean, ekainean zehar egindako omenaldi eta txapelketen nolabaiteko kronika bisual bat jasotzen da.

67 lekukotza

Amaitzeko, lekukotzen tartea dago, liburuaren erdia inguru hartzen duena. Batzordeko kideek egindako 67 elkarrizketa bildu dituzte, Iturzaetaren familia eta haurtzaroko lagunengandik hasi eta berarekin profesional izandakoetaraino, garaia eta palaren inguruko hamaika xehetasun eta pasadizo bilduz.

Liburuaren banaketa Andoainen bertan egingo dute, herriko hiru liburu-dendatan, baina inork liburua eskuratzeko interesa izango balu, honako helbidera idatziz ere eska lezake: iturzaeta.memoriala@gmail.com.

debuta

Ibon Altuna andoaindarrak gaur egingo du debuta profesional gisa Innpalarekin, Sestaoko torneoko finalerdietan, Vegarekin batera. Hiru urte ziren inork debutatzen ez zuela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo