GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

SORMEN LANTEGIAREN LANAK, MARTXAN GERNIKAN

Guggenheim-Urdaibairik ez, Astra biziberritzea hobetsi du Lakuak

Gernikako Astra eraikina Sormen Lantegia bihurtzeko 1,5 milioi euro jarri ditu Lakuako Kultura Sailak, Urdaibai suspertzeko planaren barruan. Astra koordinadorak «berri pozgarria» dela aitortu du, baina kudeaketak herritarren esku egon behar duela gogorarazi du.

p007_f01_148x136.jpg

Ane ARRUTI | GERNIKA-LUMO

Hasi dira arma fabrika izandako Gernikako Astra eraikina eraberritzeko lanak, eta uda alderako bukatuta egotea espero dute. Lakuako Kultura Sailak 1,5 milioi euro bideratu ditu bertara, Sormen Lantegi bat izan dadin; eta hein horretan, atzo, Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Jose Maria Gorroñok, Gernikako alkateak, eraberritze lanetara egin zuten bisitan, Urdaibaiko Guggenheim bezalako proiektuak baztertu eta modu honetakoak bultzatzeko konpromisoa berretsi zuen Urgellek: «Nik uste dut orduan garbi esan genuela ez zitzaigula iruditzen kultura aldetik hori zenik bidea gauzak egiteko. Hemen jende pila bat dago sortzen ari dena eta uste dugu hori dela indartu behar duguna». Izan ere, Lakuak iaz iragarri zuen Astraren eraberritzea, Urdaibai suspertzeko plan alternatiboaren harira.

Alkateak azaldu zuenez, «armak izan zirena kultura eta hezkuntza bihurtzea da» Udalaren proiektua, eta hori guztia Ricardo Bastidaren eraikin sinboliko honetan egingo da, herrian 1937ko bonbardaketei zutik eutsi zien bakarrenetarikoa baita. Aurrean duen eraikinean Lanbide Heziketako zentro bat egiteko asmoz Hezkuntza Sailarekin hartu-emanetan ari direla gaineratu zuen Gorroñok.

Lakuaren laguntza honekin, Bastidaren eraikina eraberrituko da, beraz; baina ondoren bertan jorratuko diren ekintzen eta espazioen kudeaketa eta antolakuntza «Udalak hartzen dituen erabakietatik» abiatuko dela argitu zuen Urgellek, gainerako Sormen Lantegietan bezala. «`Karkasa' mantentzearekin gu pozik gaude, baina barruan sortzen denak emango dio bizia», gaineratu zuen alkateak, «14.000 metro karratu ditugu eta kulturak ez du mugarik». Pasa den astelehenean, esaterako, Haegue Yang artista hego-korearra bertan izan zen, espazioa ezagutu eta lanak amaitzerakoan bertan erakusketa bat antolatzeko aukera aztertuz.

Gernikarren poza eta kezka

Astra Sormen Lantegi bihurtzearena, ordea, gernikarrek aspalditik landutako ideia da, eta hari luzea dauka atzetik. 1998an itxitako lantegia, 2005eko abenduan okupatu zuten lehenengo aldiz. Ez zuten gehiegi iraun bertan, baina beste saiakera eta desalojoak tarteko, Astra Gernikentzako izeneko mugimendua abiatu zen orduan. «Berri pozgarria da guretzat, Astra Gernikentzako ekimena aurrera doalako neurri batean, eraikina berreskuratuta. Publikoa egiten da, erabilera sozial eta kulturala emango zaio. Baina guk orain esaten duguna da eraikin horren etorkizuna eta kudeaketa erabaki behar dutela bai Gernikako gazteek eta bai gizarte eta kultura eragileek», azaldu zion GARAri Oier Plazak, Astra koordinadorako kideak.

Eraikina okupatu zenean, «hiru puntu oinarrizko egon ziren: bata, eraikina publikoa izatea; bigarrena, erabilera soziala eta kulturala ematea; eta, hirugarrena, Gernikako gazteek eta gizarte edo kultura eragileek erabakitzea eraikin horren etorkizuna», esan zuen Plazak.

«Astra Km 0» deituriko lehenengo parte-hartze prozesua abiatu zuten herriko elkarte, talde eta eragileekin, eta aldarrikapenek 2006ko maiatzean eman zuten lehenengo emaitza; orduan agintean EAJ zuen Udalak eraikina erosi zuen espazio soziokultural bat sortzeko asmoarekin.

Bigarren parte-hartze prozesu bat ere egin zuten, eta 2007ko hauteskundeekin, udal aldaketa egon zen Gernikan. 2008ko uztailean, Udalak -EA, EAE-ANV eta Aralarren baiezkoarekin eta EAJren eta PSEren abstentzioarekin- erabilera lagapen bat adostu zuen Koordinadorarekin. Oier Plazaren esanetan, «eraikinaren egoera aztertu zuten, logikoa den moduan. Desalojo boluntario bat egon zen baina Astra proiektua adostu zenean».

Momentu batean, diru falta zela-eta, udalaren aldetik proiektua ez aurrera ez atzera ere gelditu zela esan zuen Plazak. «Herriko eragile ezberdinekin asanbladak egin ziren, eta teorian, hortik ateratzen ziren ondorioak mahai tekniko batera pasa behar ziren. Mahai tekniko hori ez da, ordea, inoiz sortu. Udalak esaten zuen dirurik ez zegoenez, ez zuela merezi proiektua egiten ibiltzea».

Konpromiso instituzionalak

Lakuak planteatzen duen Sormen Lantegien eredua da eta Astra Koordinadorak «ez orain, 2005ean baizik» proposatu zuena bat datozela azaldu zuen Plazak. Urgellek atzo eraikinaren kudeaketa Udalarena izango dela berretsi bazuen ere, Koordinadorako kideei, ordea, nolabaiteko kezka sortzen diete Udalak Lakuarekin hartuak izan ditzaken konpromisoek. 2012a «Bakearen eta Askatasunaren urtea» izendatu du Kultura Sailak, eta horren harira, eraikina ekintza ezberdinak egiteko erabiliko duen susmoa dute, esaterako.

Konpromiso horiez gain, 2008an adostu moduan, Gernikako kultur eta gizarte eragileekin ere badituela gogorarazi nahi izan zuen Astra Koordinadorak. «Akordio bat egon badago, baina horren ondorengo sekuentziak airean daude, ez daude adostuta. Guk proiektuarekin aurrera jarraitzen dugu», azaldu zuten.

Plazak adierazi zuenez, «momentu honetan berriak iristen zaizkigu batetik eta bestetik, eta ematen du ez dela kontuan hartzen atzetik egon den guztia, amnesia historiko handi bat egiten dela dirudi». Bere ustetan, «guk argi dugu hori okupatu ez bazen momentu honetan parking-a izango litzatekeela», esan zuen.

ERABAKIAK, HERRIAK

Lakuak 1,5 milioi euro jarri ditu eraikina eraberritzeko, baina kudeaketa Udalaren eta herriko 25 elkarte inguru biltzen dituen Astra koordinadoraren artean adostu beharko dute. Erabakiak gernikarren esku egon behar duela berretsi zuten herritarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo