GARA > Idatzia > Kultura

Irratiak elkarlanean jarri nahi ditu Arrosa Sareak Bergaran

Arrosa Sareak Euskal Herriko irratiak elkarlanean jartzeko asmoarekin jardunaldiak antolatu ditu datorren otsailaren 25erako, Bergarako Gaztetxean. «Eta nola ez, Euskal Herrian bestela ezin da-eta, gauerako kontzertu pare bat ere antolatu dugu», adierazi zuten.

GARA | BERGARA

Arrosa Sarea duela ia hamar urte sortu zen. Euskal Herriko hainbat irrati txikiren arteko elkarlana, edo gaur egun hainbeste entzuten dugun auzolana, oinarri hartuta, sarea eraiki zuten, eta 2002ko maiatzetik gaur artekoak lanean eman dituzte. Sarearen funtzio nagusia euskarazko irratsaioak elkartrukatzea izan da orain artean.

Hala ere, sareko kideek beroni etekin handiagoa atera ahal zitzaiola pentsatu izan dute beti. «Irrati txikiok, gehienok ez-profesionalak gainera, eguneroko lanean agertu zaizkigun beharrei erantzuteko tresna propioak sortu behar izan ditugu», dio arduradunek bidalitako oharrak. Horretarako antolatu dituzte jardunaldi hauek, hain zuzen ere: «Tresna hauek elkartrukatzeko, bakoitzaren ezagutza besteekin konpartitzeko».

Hamar tailerretan hamar gairen inguruan hitz egingo dute jardunaldi horietan, oinarrizkoenetik, teknikoenera. Betiere, kontu praktikoak. «Honekin, hasi berri diren, edo hastear dauden, herri- edo auzo-irratiei dei berezia egin nahi diegu jardunaldiotara etortzeko. Ateak zabalik daude interesa daukan edonorentzat», adierazi dute.

Lan horretan goiz partea emango dute, bazkaldu eta arratsaldeko saioari ekiteko. Arratsaldean pare bat gairen inguruan solasean arituko dira nagusiki, berauek landu dituztenen esperientzietan oinarrituta. Batetik, «generoa eta komunikabideak» gaia hartuko dute hizpide, eta bestetik, «irratiak eta teknologia berriak». Baina oraindik ez dute azaldu nortzuk izango diren gonbidatu horiek: «Eguna gerturatu ahala esango dizuegu zein esperientziaren inguruan arituko garen, eta nortzuk izango ditugun gonbidatu».

Jardunaldiei amaiera emateko, denen arteko eztabaida saiotxo bat egingo dute, Word Cafe moduan, eta ondoren, gauerako kontzertu pare bat ere antolatu dituzte.

Jardunaldiak Bergarako Gaztetxean izango diraa otsailaren 25ean, goizeko 10.00etan hasita.

Informazio gehiago nahi izanez gero, arrosa.sarea @gmail.com helbidera idatziz eskatu dezake nahi duenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo