GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josefa Antonia Salsamendi, Maria Jesus Garaialde (*) Paulo Garaialde Jauregizabalen alarguna eta alaba, hurrenez hurren

Paulo, aitortu gabeko biktima

Pentsatzen dugu beste biktima askori ere antzeko zerbait gertatuko zaiela, hau da, herri honi bere Hitza eta Erabakia aitortu eta Bakea lortzen ez den bitartean ez dela arinduko hainbeste min eta sufrimendu

Momentu historiko bereziak bizi ditugu. Guztiok. Eta garai berri hauetan hitzetik hortzera biktimak aipagai bihurtu gara. Era abstraktu batean, esango genuke. Izan ere, zenbait alditan, badirudi, arin xamar hitz egiten ote den gutaz, biktima garen guztiotaz.

Gainera, biktimen multzo honetan denetarik gaude.

Guk gure familiaz hitz egingo dugu, berezia delakoan baikaude. Bakoitzak bere berezitasuna izango duen ziurtasunean eta besteenganako begirune guztiarekin, gureak, badu are bereziagoa egiten gaituena, tamalez, guretzat, bene-benetan tamalez. Gure familia esaten dugunean, gurasoez eta zazpi anai-arrebez ari gara. Senideok, atxilotuak izan gara, erbesteratuak, torturatuak, mehatxu telefonikoak, jarraipen etengabeak, han eta hemen, errepidetako kontroletan, oporretako hoteletan, etxean, lantokian... jasan ditugu, indar polizialek bizitzen ez gaituzte utzi denbora luze, oso luzeetan.

Baina hori ez da ezer asko, asko bada ere, gure aitari gertatutakoarekin. Bi alditan izan zen biktima aipagarri.

Lehen-lehenengo oroimenetan zerbait baldin badugu gogoan gure aitarena zera da, bere hizkuntza bakarra, euskara zela (erdaraz hitz egiten ondo baldin bazekien ere) eta eskolatik, Geografia de Españako lezioa ikasita etortzen ginenean, nola esaten zigun, gezurrak irakasten zizkigutela eskolan. Euskal Herria ez zela «Norte de España». Euskal Herriak bazuela bere Iparraldea eta Hegoaldea, Euskal Herria nazio bat zela, menperatuta zegoena, borroka (bere iritziz biolentzia gabeko borroka) bidez askatuko genuena. Francoren diktadurapean bizi ginen, baina hori ez zuen oztopo izan, Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zenean, tailerra itxi por defunción eta Donibane Lohitzunera joateko; handik ekarrita, bere mahaitxoko kajoian ere bazuen jasota ikurrin txiki bat, postaltxo bat. Bere tailerraren izenaren eta logoaren koloreak ikurrinarenak ziren. Abertzalea baitzen.

Baina nola diren kontuak, norbaitek edo norbaitzuk, txibatoa omen zela zabaldu, eta beste buru arin batek, lehergailua jarri. 1972an gertatu zen hori, ETAk kotxea lehertu eta txikitu zion. Kalte ekonomikoa handia izan zen, auto erosi berria, ordaindu gabea eta bederatzi laguneko familia, alaba zaharrenak 16 urte eta zazpigarren semeak 8 urte. Baina kaltea ez zen ekonomikoa bakarrik izan, kalte ekonomikoa, bere larritasunean, zen gutxienekoa, guk -berak eta bere familiak- jasan behar izan genuen bazterketa, mespretxu, eta abar... larriak eta gordinak izan baitziren.

Gertakizun horrek ez zuen gure aita bere abertzaletasunetik apartatu eta tragedia horren gainetik, aurrera jarraitu zuen. EAJ zen bere alderdi politikoa, garaia haietan, arten, ez zen EArik.

Handik urteetara iritsi zitzaigun, isilpean, errua izan zenaren aitortza, baina kaltea, kalte ikaragarria, egina zegoen.

Baina hori gutxi balitz, 1982an, Triple A-k erail egin zuen. Berastegin. Urtarrilaren 1etik 2rako gauean, 60 urte bete zituen egunean. Bere erailketa, politikoa izanik, lehen-lehenengo momentutik Batallón Vasco Españolek eta Triple A talde terroristek errebindikatua izanik ere, ez zen bere auzia Audientzia Nazionalera joan. Garai haietan, auzi terrorista izan zitezkeenak, ETArenak ote ziren susmoa zuten guzti-guztiak Madrilgo Audientzia Nazionalera eramaten zituzten, baina, gure aitaren erailketa ez baitzen ETAk egina, Estatu espainolaren kloakatatik eginikoa baizik. Poliziak (MULAk) prentsa oharra kaleratu zuen, non argi utzi zuen, atentatuaren ezaugarriengatik ez zutela uste ETArena izan zitekeenik. Ez da hori guztia, Luis Blanquez Perez juez zorigaiztokoak, askorentzat tamalez ezagunak, «sobreseimiento provisional» agindu zuen, justu erailketatik hilabetera, otsailaren 2an, eta gaia gehiago ikertu gabe utzi. Egia esan behar da, ordurako Guardia Zibilak esana ziola bere txostenean, instrukzio epaile horri, ziur zeudela Triple A izan zela gure aita erail zuen talde armatu terrorista. Baina hainbat egunkari eta zurrumurruk beste era bateko kontuak aireratu nahi izan zituzten, 1972ko atentatuarekin lotu nahian, nahasmena sortuz.

Ondorengo denborak ez ziren xamurragoak izan gu senide guztiontzat. Mehatxu telefonikoak, atxiloketak han eta hemen, berdin zen oporretara joandako tokian, lantokian... berdin zen... eromenera eramateko jazarpena jasotzen jarraitu genuen.

Eta bakardadean. Bakardade latz eta garratzean.

Gertakizun guzti hauek konpon ezinezko kalteak ekarri ditu gure familiara.

Bolada honetan asko hitz egiten da errekonozimenduaz, barkamenaz, erreparazioaz. Asko. Askotxo. Errekonozimenduaz hitz egiten da. Gure aita, biktima batek behar duen errespetu eta begirunea jaso beharrean, bazirudien berdugoa bera zela eta askoren memorian nahasmen hori gelditu da. Horrek, bere eta gure izen ona zikindu besterik ez zuen egin eta, bai behar dela errekuperazioa, errekonozimendua eta begirunea. Guri, barkamena ez digute eskatu, baina gaineratu nahi dugu, ez dugula barkatuko. Ezin baitugu barkatu, ez baitugu barkatu behar. Nola barkatuko dugu gure aita erail izana?

Erreparazioaz hitz egiten da. Ba, dena ezin da erreparatu. Torturak, mehatxuak, jazarpenak, atxiloketak... ondorioak uzten dituzte, txarrak. Agian, denborarekin senda litezkeenak. Baina hildakoak... Bizitza horiek ezin dira itzuli, horrek ez du erreparaziorik. Min eta kalte ikaragarri eta neurtu ezin den hori, guk geuk, biktimok ere neurtu ezin dugun hori, agian, arindu egin liteke, erreparatu sekula santan ez.

Eta memoria izan behar da. Gorde behar da. Gertatutakoak ezagutu behar dira. Gizarteratu behar dira. Gehiago, inoiz, inon, errepika ez daitezen.

Eta pentsatzen dugu beste biktima askori ere hantzeko zerbait gertatuko zaiela, hau da, herri honi bere Hitza eta Erabakia aitortu eta Bakea lortzen ez den bitartean, ez dela arinduko hainbeste min eta hainbeste sufrimendu. Gertatu zaiguna ez dela erabat alferrik izan sentiaraziko digun eta zama eramaten lagunduko digun Bakea.

Eta horretan egin behar dugu lana. Denok. Biktimok ere bai. Lan gogorra, etengabea, errespetu handiz, sentsibilitate handiz, umil. Eta ardurak dituenari, ardurak exijitu behar zaizkio. Erantzukizuna duenari, erantzukizuna exijitu behar zaio. Urratsak eman behar lituzketenei, urratsak ematea exijitu behar zaie. Noski baietz.

(*) Artikulua Paulo Garaialderen gainontzeko seme-alabek ere sinatzen dute

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo