karakorum | Lehen igoera
Saser Kangri II, igo gabe zegoen bigarren mendi garaiena
7.518 metroko altuera duen mendia Steve Swenson, Mark Richey eta Freddie Wilkinson estatubatuarrek eskalatu dute; hain zuzen ere, hego-mendebaldetik. «The Old Breed» (WI4, M3, 1.700 m) da bidearen izena, eta hirukoteak estilo alpinoan sinatu du.
Andoni ARABAOLAZA
Protagonistak hiru alpinista estatubatuar dira: Mark Richey, Steve Swenson eta Freddie Wilkinson. Eta beraiena abuztuaren amaieran eginiko jarduera alpinoa den arren, orrialdeotara ekartzea erabaki dugu. Besteak beste, oso osagai interesgarriak dituelako. Batetik, hirukoteak Karakorumeko mendilerroaren ingurumari ezezagun bat, mendilerroaren ekialdea, aukeratu zuen. Bestetik, igo gabe zegoen munduko bigarren mendi garaienaren gailurra zapaltzea erdietsi zuten alpista estatubatuarrek: Saser Kangri II (7.518 m). Eta hirugarrenik, eskalada hori egin ahal izateko estilo alpinoa erabili zuten.
Sormen lanak, berriz, honako izena hartu du: «The Old Breed» (WI4, M3). Guztira, 1.700 metroko marra da, eta, South Shukpa Kunchang glaziarretik hasita, zazpimilakoaren hego-mendebaldeko aurpegian sinatutako eskalada dugu. Hitz batean, garrantzi handiko jarduera da; izan ere, mendi garaienen historian estilo alpinoan egin den lehen igoera bakanetakoa da aztertzen ari garen eskalada. Gogora dezagun, Gangkhar Puensum mendia (7.570 m) dela igo gabe dagoen munduko gailurrik altuena. Bhutanen dago, eta hango agintariek zazpimilakoa itxi egin dute «izpirituen etxea» delako.
Bai, Saser Kangri II mendiaren lehen igoera hau oso «berandu» iritsi da. Baina, jakina, horretarako arrazoiak izan badira. Karakorumeko ekialdean kokatutako mendia 2010. urteko apirila arte India eta Pakistanen arteko muga arazoak direla eta itxita izandako ingurune batean kokatuta dago. Hori dela eta, ingurumari horretan ez da apenas jarduera alpinorik izan orain artean. 80ko hamarkadaren hasieran, adibidez, espedizio japoniar batek Saser Kangri II mendiaren mendebal gailurra erdietsi zuen, baina, aurerratu dugun legez, bere tontor nagusia, ekialdekoa, zapaldu gabe zegoen.
Hiru protagonista aipatu ditugu, baina lasai asko esan dezakegu Swenson dela erronkari indarra eman dion alpinista. Hamar urte lehenago, Chris Bonington eta Harish Kapadiak zuzendutako espedizio baten ondoren, Saser Kangri II mendian eta haren ingurumarian arreta berezia jarri zuen. 2009. urtean, berriz, lehen saio bat egin zuen. Mark Wilford eta Jim Louther kideekin batera 6.500 metrora iritsi zen Swenson, baina buelta erdia eman behar izan zuen hirukoteak eguraldi gaiztoarengatik. «Saiatutako bidea nahiko gogorra zen. Izotz tarte tenteak zituen, eta kalitate handiko granitoa ere. Lanak bertan behera utzi ondoren, itzultzea erabaki genuen», adierazi du Swensonek.
Baina itzultzeko erraztasunik ez dute izan; izan ere, Indiako Gobernuak espedizioan eskalatzaile indiar bat joatea exijitzen zien. Swensonek dioenez, eskaera hori oso deserosoa zen: «Zazpimilakoa estilo alpinoan eskalatu nahi izan dugu, eta ezezagun bat gurekin izatea nahiko deserosoa zen. Inposatu nahi ziguten erabaki hori saihestu ahal izateko, zama-eramaile indiarrak kontratatu genituen».
Igoera teknikoa
Girora egokitzeko, besteak beste, Tsok Kangri mendiaren (6.585 m) ipar aurpegian eskalatu zuten. Eguraldi iragarpen onak jaso ondoren, Richey, Swenson eta Wilkinson prest ziren Saser Kangri II mendiaren hego-mendebal hormari ekiteko.
Kanpamendu nagusi aurreratuan gaua pasa ondoren, biharamunean korridore batean sartu eta ziztu bizian eskalatu zuten zailtasun teknikoetara iritsi baino lehenago. Bibaka edo lehen kanpalekua 6.000 metroko garaieran antolatu zuten. Ondoren, beste elur malda luze bat gainditu, eta jarraian zailtasun teknikoak zituzten hainbat tarte eskalatu behar izan zituzten. Bigarren kanpalekua 6.700 metrora atondu zuten.
Hirugarren kanpalekua 7.000 metrora jarri zuten. Tartean izotzezko zein mistoko hainbat luze ere egin zituzten. Soilik 500 metro geratzen zitzaizkien gailurra zapaltzeko. Eskaladaren azken eguna zen, eta hirukote estatubatuarrak gertu ikusten zuen helburua: «Hiru bibak egin ondoren, azken egunean hiru luze tekniko gainditu genituen. Gailurreriara iritsi ginen. Pixkaka-pixkaka, eta, arazorik gabe, tontorrera iritsi ginen».
Abuztuaren 24a zen. Richey, Swenson eta Wilkinsonek osatutako sokada Saser Kangri II mendiaren lehen igoerarekin egin zen. Igoera egin bezain laster, japoniarrek lortutako gailurra berez ez dela nagusia baieztatu zuten alpinista estatubatuarrek. Jaitsierari dagokionez, aipatu behar da ez zela batere erraza izan: batetik, 30 rapel baino gehiago egin behar izan zituzten; eta, bestetik, Swensonek osasun arazoak izan zituen.
Hori guztia gutxi izango ez balitz, arroka batek soka bat moztu zien. Horren ondorioz, hamabi metro gutxiagorekin geratu ziren. Richeyk adierazi duenez, komeriak pasa zituzten: «Bi sokak lotzen zituen korapiloak buruhausteak eman zizkigun. Rapelatzen ari ginela, aseguratzeko gailua rapelaren korapilotik mugitu behar genuen. Eta hori oso arriskutsua zen. Alabaina, tentu zein arreta handiz, rapel guztiak egin ahal izan genituen. Bien bitartean, Steve nahiko pattal zegoen. Biriketan arazoak zituen, eta garaierak ez zion batere laguntzen. Mendian pasa genuen azken gauak geure kidearen osasuna astindu zuen. Biharamunean arazo larriak zituen arnasa hartzeko. Telefono dei bat egin genuen helikoptero baten laguntza eskatzeko. Erietxe batean hainbat egun igaro ondoren, Steve erabat osatu zen».
Mark Richey, Steve Swenson eta Freddie Wilkinson estatubatuarrek egin dute Saser Kangri II mendiaren lehen igoera. Gainera, estilo alpinoan.