Supermerkatuen zaborretan janari bila xahutzea salatzeko
Supermerkatuetan ematen den elikagai xahutze izugarria jakina da, eta, ondorioz, azken urteotan biderkatzen ari dira munduan zehar elikagai horiek zaborretatik berreskuratzeko ekimenak. Estatu frantsesean, aldiz, legez debekatuta dago elikagai horiek berreskuratzea. Elkarteek gehiegikeriatzat jotzen dute egungo legedia.
Ainize BUTRON
Astean hiru aldiz, Baiona eta Bokaleko supermerkatuen ateak itxi bezain laster, Bart, Yannick eta Liliesne zakarrontzietara hurbildu eta utzitako elikagaiak berreskuratzen aritzen dira. Sei hilabete daramatzate astez aste prozesua errepikatzen, eta, bildutako jakiak, hamabost lagunen artean banatzen dituzte. Asteazken gau batez hurbildu zen GARA zer berreskuratzen duten ikusi eta berreskuratutakoarekin zer egiten duten jakitera. Hiru lagunek hiru saltegitako zabor guneak zeharkatu zituzten, azkenean, Baionan “Ali Babaren harpea” aurkitu arte. Gau horretan, jogurtak, opilak, hamarnaka ogi barra, plastikoekin babesturiko haragi xerrak, platanoz beteriko kutxak, barazki jangarriak eta askotariko beste jaki ugari aurkitu zituzten zaborretan. Txokolatez beteriko kutxak hartzeko aukera ere izan zuten. «Askotan sorpresak baditugu, eta ez dugu beti ulertzen zergatik botatzen dituzten gauzak», azaldu zuten hirurek. Eguberri garaiotan, «xahutzea» oraindik handiagoa dela nabarmendu zuten. «Gehienetan produktuak iraungitzear daude. Baina, batzuetan, ustekabeak izaten ditugu, oraindik jateko epea gaindituta ez duten elikagaiak aurkitzen baititugu», erran zuten. Eta hala gertatu zen gau horretan ere.
Izan ere, Gabonen aurretikako asteak dira emankorrenak. Berriki, ahate paparrak eta foie grasa bezalako luxuzko produktuak eskuratu zituzten. «Udan baino askoz jaki gehiago aurkitzen da zaborretan garaiotan. Seguruenik Eguberri eta Urtatseko produktuen etiketak aldatu egin dira, eta, ondorioz, zituzten produktuak bota egin dituzte», argitu zuten. Horri eskerrak hozkailuak bete badituzte ere, «eskandalutzat» dituzte horrelako gertaerak.
Legea aldatu beharra
Hamabost lagunek lortzen dute astean zehar saltegietako zaborretan hartzen dutenarekin bizitzea. «Makarroiak, arroza eta horrelako bestelako elikagaiak eskas dira, ez baitira hain errazki galtzen. Baina, oro har, nahikoa izaten dugu biltzen dugunarekin. Ez gara hori egiten dugun bakarrak. Aurkitzen dugunarekin, ehun bat lagunei jatekoa emateko aukera legoke», azpimarratu ziguten.
Ez dira baitezpada beharretan. Langileak hirurak, hilabete saria badute. Baina, supermerkatuetan dagoen xahutzeaz ase erabaki zuten ekimen horrekin hastea. «Estatu frantsesean saltegiek, legez, debekatuta dute jateko epea beteta eta paketeak irekita dituzten produktuak saltzea edo elkarteei eskaintzea», salatu zuen Bartek.
Debekua indarrean dagoela-eta, saltegi askotan zabor guneak gakoturik dituzte, edo, beste leku batzuetan, lapurretarik ez izateko, lexiaz betetzen dituzte zakarrontziak. «Tamalgarria da saltegiek horrela jokatzea. Produktu horiek, nahiz eta epea bukatua izan, jangarriak dira oraindik ere. Bota ordez, epea iritsi aurretik elkarteei ematea litzateke zuzenena», gaineratu zuen Bartek.
Banque Alimentaire elikagai bankua da behardunentzako janaria zentralizatzen duen elkartea. Lekuko supermerkatuekin hitzarmenak ditu, eta, egunero, saltegietatik hiru edo lau tona elikagai biltzen ditu. Veronique Landeburu elkarteko burua da, eta legeak arazoak sortzen dituela azaldu digu: «Higiene arau zorrotzak badira, askotan zorrotzegiak. Supermerkatuak jangarriak diren produktuak botatzera behartuak dira». Dagoen «eralgitzea» ikusiz, goiz hala berant agintariek legeak aldatu beharko dituzte Landebururen ustez. «Normaltasun batera itzuli beharko dugu. Arauak oso itxiak dira, eta, eralgitzea, sobera handia. Jada nabari da aldaketa bat dagoela, eta, nire irudiko, gutxi barru legedia aldatuko da», esan zuen.
Bien bitartean, janaria erosteko ahalik ez duten herritarrak gero eta gehiago direla gogoratu zuen. «Gauza asko botatzen dira, eta, dagoen beharra ikusiz, benetan tamalgarria da», bukatu zuen Landeburuk.