GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Aiton-amona xaharren fan klubari ohore handiz

Herri honek, lehen lerroko «surflari» bat galdu du, itsaskietan isil-isilik eta baldintzarik gabe, etengabe lan eta borroka egin duen pertsonaia «ezezagun» bat: Begoña Garate. Balio beza idatzi honek aiton-amona xaharren klubeko fan guztiei estimu handia dizuedala esateko. Shuar indioek bezala, aurrez nire errespetuzko negar malkoak eskaintzeko.


Ez dakit surf artikuluak norbaitek irakurtzen dituen. Agian, surfak ez du astelehenero egunkari batean bi orri betetzeko adinako garrantzirik. Nire ustez, ez, ez dauka, futbolak ere orri bat bera betetzeko adinako garrantzirik ez duen modu berean.

Aldiz, surflari ernegatuaren artikuluek neurriko arrakasta dutela konturatu naiz, izan ere, jende askok egiten dizkik kritikak eta jende askok artikuluren bat edo besterekin barre egin duela esaten dit. Horrek, noski, poz handia ematen dit.

Aipagarriena astelehenero nire artikuluak irakurtzen dituzten baldintzarik gabeko jarraitzaileen adina dela uste dut. Gehienek 50 urte baino gehiago dituzte, beraz, surfaz ezer gutxi dakite, baina kalean geratu eta galderak egiten dizkidate. Oso ongi moldatzen naiz haiekin. Haien alabek hainbeste zergatik gorrotatzen nauten jakingo balute, agian, nirekiko jarrera aldatuko lukete, baina artean, nire artikulu guztiak goitik behera irakurtzen jarraitzen dutela frogatzen didate kalean topatzen ditudan bakoitzean. Oso harro nago nire «aiton-amona xaharren fan klub» horrekin.

Horrelako fan kuadrilla bat izateak ere badu bere alde txarra, ordea. Biologiak, adinak, denborak, ez du barkatzen. Aspaldi hasi nintzen bizi osoan zehar koherentziaz bizi izan den jendea miresten. Urte gutxian mundua jatea errazagoa baita bizi osoan puska txiki bati koherentziaz eustea baino. Horregatik, ez ditut interesgarri ikusten surflari gazte edo helduak (epelak), nahiago ditut itsas gizon-emakume zaharrak. Zaharra esatea, esperientzia esatea baita.

Pasa den astean, nire fan taldeko irakurle leialenetako bat joan da (zaigu). Herri honek, lehen lerroko «surflari» bat galdu du, mota guztietako itsaskietan isil-isilik eta baldintzarik gabe, inurriek bezala, etengabe lan eta borroka egin duen pertsonaia «ezezagun» bat: Begoña Garate Etxabe.

Gaur berari idazten diot, berant, Mendebaldeko gizaki «denadakigunok» egin ohi dugun moduan. «Hirugarren mundua» deitzen dugun horretan, Amazoniako shuar indioak, hil zorian dagoen agurearen ohe inguruan biltzen dira, hil aurretik negar egiteko, eta haien maitasuna agertzeko, beraiek dioten moduan, hil ostean alferrikakoa baita.

Begoña joan zaigu; jada ez dugu urbazterrean paseatzen ikusiko hondartza itsasora sartzeko bakarrik gurutzatzen dugun surflari axolagabeok. Gutxienez, balio beza idatzi honek aiton-amona xaharren klubeko fan guztiei estimu handia dizuedala esateko. Shuar indioek bezala, zuen ohe inguruan ez bada ere, aurrez nire errespetuzko negar malkoak ohore handiz eskaintzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo