GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Itsasoa

«The Final Frontier»: Kepa Acerok arrakasta handiz amaitu du bere azken proiektua

Alaskatik Perura eta Perutik Patagoniara, munduko bi muturretan aurrez inork surf egin gabeko leku ikusgarrietan izan da Kepa Acero. Inguruneko arrisku eta muturreko baldintzei aurre eginez, bere helburua lortu du: leku bakartietan kalitate oso oneko olatuak hartzea. Surflari estatubatuarrak 2010ean Bells Beachen erabilitako taula jarri dute ikusgai.

p046_f01_97x112.jpg

p046_f02_133x112.jpg

p046_f03_235x128.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Aurrez inork surf egin ez duen lekuak ezagutu eta olatuak hartzeko helburua zuen Kepa Aceroren azken proiektuak, «The Final Frontier», azken muga.

Google Earth web orrian begiratzen egon ostean itsasbazterrean ziren lurmuturrak ikusi eta inguru haietan olatu onak izan behar zirela pentsatzen zuen Kepak. Etxeko sukaldean, aitarekin kafe bat hartzen ari zela erabaki omen zuen munduko bi muturrak ezagutzeko bidaia bat prestatzea.

Usteak egiazkoak ziren jakiteko modu bakarra zuen Kepak; alegia, bertara joan eta bere begiekin ikuskatzea, eta horixe bera egin zuen. Ordenagailuko pantailatik errealitatera gauzak asko aldatzen dira, ordea, eta etxeko besaulkian ikuskizun hutsa baino ez dena, errealitatean, abentura bilakatzen da.

Abuztuaren 20an abiatu zen Kepa Algortatik, bere etxetik. Lehen geldialdia Alaskan egin zuen. Surf taulak eta bideo kamera lagun zituela abiatu zen. Han izandako zenbait lagunekin hitz egin zuen eta informazioa biltzen ere saiatu zen, baina ez zuen erreferentzia zehatzik; beraz, abentura Alaskan oinak iltzatu zituen momentu berean hasi zen.

Ia jenderik ez zen paraje hotzetan ibili zen lehen egunetan, baina egun guztia bustita egon arren (euriagatik), ez zuen olatu onik hartzerik lortu. Inguru haietan zuen arrisku handiena artzak ziren; hori dela eta, suzko armak erabiltzen ikasi eta pistola bat erosi behar izan zuen. Zorionez ez zuen berau erabiltzeko beharrik izan.

Alaskan egin zuen bidaia interesgarriena han egin zituen bi lagunekin egin zuen, «Alpen Glow» arrantza ontzian. Olatu bila ibili ziren eta aurkitu zituzten; irailaren 19an, «Artzaren Glaziarra» izeneko leku batean surf egin ahal izan zuen Kepak.

Urriaren 5ean, berriz, Alaskako kostalde bakartia utzi aurretik, esperientzia berri bat dastatzeko aukera izan zuen Kepak. Itsasaldiek ibaian gora sortzen duten le mascaret fenomenoari esker bere bizitzako olaturik luzeena egin ahal izan zuen.

Urriaren 7an iritsi zen Kepa Peruko hiriburura, Limara. Arazoak izan zituen surf taulekin aireportuan, taulak ez baitziren helmugara iritsi; ondorioz, egun bat egin behar izan zuen han, aireportuan, surf taulen zain. Handik, pixkanaka, Txile zeharkatu eta Patagoniarako bidea egin behar zuen.

Peruko iparraldean olatu oso onak hartu zituen. «Panic Point» hartu nahi zuen, baina ez zuen lortu, leku horrek itsaski handiagoak behar baititu. Halere, saio oso onak izan zituen lau egunez jarraian; ostean, itsasoa baretu egin zen.

Azaroko azken astean Lobitos herrian izan zen Kepa, olatuak ekarriko zituen itsaski baten zain. Azkenean itsaskia sartu zen eta olatu bikainak hartu ahal izan zituen.

Santiagon hartu zuen lur Kepak azaroaren 2an. Iaz egin zuen «5 uhin, 5 kontinente» proiektuan helburu izan zuen Pichilemuko kostaldean izan zen berriz ere, eta olatu onak hartzeko zortea izan zuen.

Jarraian, Andeak zeharkatzeari ekin zion. Bertako maputxe indioekin harreman ona egin zuen, baina haiek utzi eta bidaiari ekin behar izan zion.

Patagonian itzelezko ezker olatu amaigabeak ikusi zituen Kepak. Itsaski handiak zetozela ikusi ostean, aurrez oso urrunetik begiztatu zuen leku batean proba egitea pentsatu zuen. Hiru autobus, ferry bat eta ordu asko egin zituen bidean, hurrengo goizean tubo ederrak egin ahal izango zituen esperantzarekin.

Esfortzuak merezi izan zuen, senak bide egokia iragarri zion, eta, azkenean, munduko beste muturrean, bakar-bakarrik, itzelezko ezker olatu bikainak hartu ahal izan zituen.

Ingurune hartan olatu oso onak daudela ikusi ahal izan zuen Kepak, eta, batez ere, olatu onak izateko baldintza egokiak daudela, alegia, itsaski eta hondo egokiak. Gainontzean, baldintzak oso gogorrak dira, hotz handia, haizea eta eguraldi txarra, baina olatuak oso onak.

Bakarrik bidaiatu eta norberak bere buruari irudiak hartzea duen zailtasuna kontuan hartuta, lan polita egin du Kepak. Gainera, askotan ez zuen Interneten sartzeko aukerarik, baldintza kaskarrak ziren, baina bere bloga nahiko eguneratua izan du bidaia osoan. Bere irudi eta esperientzien kontakizunak Kepaacero.com webgunean daude ikusi nahi dituen ororentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo