GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Dimitri Yachvili esnatu da, baita Biarritz ere

Zuri-gorrien jaurtitzaileak erabaki du Agileran jokatutako norgehiagoka.

p037_f01_097x133.jpg

BIARRITZ 25

TOULON 6

Jon LEUNDA

Biarritzek beste itxura bat eman zuen herenegun arratsaldean Toulonen aurka. Denboraldiko partidarik onena egin zuen, eta Yachvili izan zen protagonista nagusia. Lapurtarren jaurtitzaile nagusia ongi dagoenean taldeak ongi jokatzen du, eta, hala, Dimitriren partidarik onenak zuri-gorrien neurketarik onenarekin bat egin zuen.

Lapurtarrei irabazteak beste ezerk ez zien balio, eta horretara zelairatu ziren. Galduta geroz eta atzerago geratzen ziren, eta neurketa bikaina egin zuten. Hasieratik saiatu ziren aurrean presio handia egin eta baloia eskura jokatzen; hala, Boschek 5. minutuan lortu zuen lehen entsegua. Ondoren Yachvilik gauzatu egin zuen, eta hor hasi zen jaurtitzailearen erakustaldi aparta.

Kanpotarrek zigor dezente egin zituzten, eta Yachvilik ez zuen hutsik egin; ondorioz, tarte handia zabaldu zen markagailuan. Erasoan eta jaurtiketetan ongi ibiltzeaz gain, defentsan ere bikain aritu zen Biarritz. Touloni ez zion aukerarik eman, eta bi zigor kolpe besterik ez zituen lortu Wilkinson ingelesak. Garaipenak indarra hartu eta zulotik irteteko balio behar die lapurtarrei, oraindik horretarako tartea baitute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo