GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Otaño eta Otaegi, hurrengo kanporaketara

J.L.

Unai Otañok eta Joseba Otaegik irabazi zuten herenegun Asteasun jokatu zen Urrezko Aizkorako kanporaketa, Joxemari Olasagasti eta Luix Txapartegi mendean hartu ostean. Datorren igandean, Iñaki Azurmendiren eta Aitzol Atutxaren aurka arituko dira, eta multzoko lehen postua izango dute jokoan.

Kanporaketa azkeneko neurketan erabaki zen, iraupen proban, alegia. Ekinaldi horretara atzetik sartu ziren irabazleak, baina hor minutu eta erdiko tartea kendu zieten aurkariei, eta horrekin kanporaketa eskuratu ahal izan zuten bi gazteek.

Kolpekako saioarekin hasi ziren, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu, eta hor berdindu egin zuten, bakoitzak 35 kolpetan erdibitu baitzuen enborra. Bigarrengoan, kana-erdikoa zutik jarrita moztu behar izan zuten, eta bi beteranoek tarte handi samarra eskuratu zuten. Olasagastik eta Txapartegik minutu eta 31 segundotan bota zuten enborra, eta 36 segundo kendu zizkieten aurkariei. Hirugarren lanean, bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, eta lan hori minutu eta 29 segundotan amaitu zuten Otaegik eta Otañok, eta bi segundo kendu zizkieten Olasagastiri eta Txapartegiri. Ondorengo lanetan ere oreka izan zen nagusi, iraupen proban erabaki zelarik dena.

Sei kana-erdiko erdibitu behar zituen bikote bakoitzak, eta 8 minutu eta 59 segundotan bota zituzten Otañok eta Otaegik, eta 10 minutu eta 20 segundotan, berriz, Olasagastik eta Txapartegik. Lan guztiak 18 minutu eta 55 segundotan amaitu zituzten Otaegik eta Otañok, eta 20 minutu eta 8 segundotan, berriz, Olasagastik eta Txapartegik. Urtezaharretako Torneoa ere jokatu zen Asteasun bertan, eta garaipena Larrañagak eta Irazuk eskuratu zuten. Lanak 14 minutu eta 44 segundotan amaitu zituzten, eta 16 minutu eta 36 segundotan, berriz, Alkizalete II.ak eta Mugertza III.ak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo