GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | URTE ZAHARRARI AGURRA

Desiorik onenei eutsiz, festan bustita heldu da urte berria

Hamaika modu daude urteko aurreneko momentuak bizitzeko. Maite ditugunak gogoan izan eta urte berrirako beraientzako desiorik onenak eskatzea da, beharbada, guztietan unibertsalena. Baina festa gogoa eta alaitasuna ere ez dira falta izaten.

p012_f01.jpg

p012_f02.jpg

p012_f03.jpg

Ana ABARIZKETA

Urte berrira saltoa gertukoen ondoan eman ohi da. Beraientzako desiorik goxoenak eskatu eta besoa gora altxatuz topa egitea izaten da urtez urte etxe gehientsuetan errepikatzen den irudia, besarkada artean. Tamalez baina, badira hutsik izaten diren aulkiak, bete beharko zituztenez inor ahazten ez bada ere.

Etxeko berotasunean nahiz kalean, tokian tokiko makina bat erritu errepikatuz igarotzen dira urte berriko lehen uneak. Eta ez dira gutxi izaten urte berriarekin batera ziztu bizian kalera ateratzen direnak. Kalean festa izaten da nonahi, baina aldarrikapenerako tartea ere ez da falta izaten: presoen aldeko topak egin ziren hamaika euskal herritan.

Iruñean, urteroko ohiturari jarraiki, mozorrotuta atera ziren kalera. Iruñeko Alde Zaharrean edozer ikus zitekeen atzo gauean, irudimena dantzan jartzea erabaki baitzuten askok, urtea algara artean hasteko. Hala iritsi zitzaien askori egunsentia ere.

Kaleak jendez lepo ziren bitartean, Arrasateko ospitalean jaio zen Paule Sanchez Eguren bergararra, 00.25ean; Euskal Herrian aurten jaiotako lehen haurra izan zen. Oraindik bi ordu igaro gabe zirela jaio zen Hugo Lesaca Etayo uhartearra, 2.10ean, Iruñean. Gasteizen 7.00ak pasatxo jaio zen Izaro Fernandez de Gorostiza. Amak urte berriari ongietorria etxean emateko aukera izan zuen gainera. Neskatila opari eta guzti iritsi zen, urte osoan zehar ogia doan jasoko baitute etxean Arabako okindegien elkarteari esker. 2011n jarri zuten martxan ekimena Arabako aurreneko neska eta mutila saritzeko asmoz.

Urte berria askok kalera atera eta festan bustita hartu bazuten ere, eguneko aurreneko eguzki izpiekin mendira igotzeko errituari ez zioten hutsik egin beste askok. Izan ere, errituak eguneko lehen orduetan ere izaten dira. Horren erakusle dira itsasoan emandako urteko lehen bainuak.

Ezbehar handirik gabe

Tamalez beti horrela gertatzen ez bada ere, ezbehar handirik gabe hasi dugu urtea aurtengoan Euskal Herrian. Atzokoan izandako ezbehar gehienak suarekin lotutakoak izan ziren. Donostian etxebizitza bateko atea bota behar izan zuen Ertzaintzak balkoian hasitako sua zabal ez zedin. Bilbon, 25 irteera egin zituzten suhiltzaileek. Petardoek eragindako ezbehar ugari izanagatik, ez zen zauritu larririk izan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo