GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Zentzuzko» proposamenak dituzten taldeekin akordioak lortu nahi ditu Basagoitik

Estreinatu berri dugun urte honetan bere alderdiak bultzatu nahi duen lan ildoa aurkeztu zuen atzo Bilbon EAEko PPko buru Antonio Basagoitik. Bere esanetan, Gasteizko Gobernuan PSErekin duen ituna ez da gainerako taldeekin akordioetara iristeko oztopo.

p012_f02.jpg

GARA |

EAEko PPren buru Antonio Basagoitik prensaurrekoa eskaini zuen atzo Bilbon, Anton Damborenea eta Nerea Llanos legebiltzarkideek lagunduta, alderdiak 2012an jarraituko duen lan ildoaren berri emateko.

Basagoitik azaldu zuen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin zerikusia duten gaietan bere alderdiaren «planteamenduetatik hurbilen» diren indarrekin akordioetara iristea aurreikusten duela, orain arteko «deus ere apurtu barik». Ondorioz, «zentzuzko proposamenak, positiboak eta konstruktiboak eta soluzioak planteatzen» dituzten taldeekin akordioetara iristea ez duela baztertzen argitu zuen.

PPk PSErekin akordio parlamentarioa izan arren, ez direla «gobernu koalizioa» gogorarazi zuen, eta, hortaz, «hainbat lege babesteko konpromisoari» eusteak, bere hitzetan, ez dio PPri beste taldeekin akordioetara iristea eragozten.

Patxi Lopezek legealdia amaitu nahi izatea «normala» dela adierazi zuen. PPren eta PSEren arteko akordioari dagokionez, pozik agertu zen eta zehar itun horren bilakaeran «funtsezko aldaketarik» ez dela izan nabarmendu zuen, nahiz eta «batzuetan gehiegizko debozioz ez izan».

Euskal preso politikoei buruz galdetuta, «lehentasuna» ETAren desegitea dela erantzun zuen; «beste guztia besteen agendak dira», gaineratu zuen ezker abertzaleari aipu eginez. Horren harira, PSEri eta EAJri bide berean aurrera egiteko deia egin zien.

Eskakizunak

PPk atzo egindako eskakizunen artean enplegu-plan berri bat diseinatzea eta onartzea dago, gaur egungoa 2010etik «atzeratuta» dagoela iritzita. Kutxen Legea bizkortzea ere nahi du PPk, baita Lurzoruaren Legea aldatzea ere, legeari «nabarmen helburu ekonomikoa» eman ahal izateko.

PSE alderdiarekin Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundearen (BGAE) lege proiektuaren zuzenketa adostu dutela jakinarazi zuen. Horri esker, gisa horretako funtsak dituztenek enplegua galduz gero, ez dute erretiroa hartu arte itxaron beharko diru-iturri hori eskuratzeko.

Urtarrilaren 12an

PPk atzo arratsaldean jakinarazi zuenez, datorren astean, urtarrilak 12, batzartuko da Antonio Basagoiti Pello Urizarrekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo