GARA > Idatzia > Ekonomia

Bilduk sistema publikoa defendatzeko akordioa proposatuko du udaletan

Zerbitzu publikoen kontra azkenaldian egindako erasoen aurrean, hauek indartzeko eta babesteko proposamena egingo du Bilduk, horren gaineko hitzarmenak proposatuz udal eta foru instituzioetan.

p025_f03.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Bilduk iniziatiba hartuko du udaletan, sistema publikoaren defentsan lan baldintzak arautzeko akordioak lortzeko asmoz.

Proposamen horien bitartez, tokian tokiko zerbitzu publikoei bultzada eman nahi die Bilduk, garai latz honetan horien defentsa irmoa eginez. Horretarako, «Hego Euskal Herriko udal eta foru instituzioetan langileen lan baldintzak arautuko dituen sektoreko markoaren aldeko apustua» egingo du Bilduk.

Bide horretan, «helburu eta eduki berdinak» dituzten eragile politiko eta sindikalekin «elkarlanean aritzeko» borondatea azaldu du koalizioak.

Hutsune nabarmenak

Koalizio abertzaleak, agiri baten bitartez, euskal langileriaren lan baldintzetan aurkitutako «zuloak» salatu ditu.

Alde batetik, orain artean indarrean egon diren zenbait akordio ez direla bete adierazi du Bilduk.

Bestalde, «estatu mailako arautegia ezarri izana» egozten dio Madrileko Gobernuari, modu horretan lan harremanen euskal esparrua eragozten baitu, baita sektore publikoan ere.

Arlo fiskalean, zerga progresibotasuna galdu egin dela ere salatu du Bilduk, horrela «diru sarrera publikoak mugatuz», eta horrek «tokiko instituzioen finantziazioan atzerapauso nabarmenak» eragin dituela nabarmendu du.

Sistema publikoaren gabezia horiei modu eraginkorrean aurre egiteko, Bilduk hainbat proposamen planteatuko ditu udaletan.

Alde batetik, zerbitzu horiek «lan eta soldata baldintza duinetan» gauzatzea. Lan osasunaren prebentzioari, administrazio osoaren euskalduntzeari, eta generoen arteko ezberdintasunak desagertzeari ere pisu handia ematen dio Bilduk 2015eko abendura arte luzatu nahiko lukeen proposamenean.

Koalizioaren ustetan, zerbitzu publikoak hobetzeko politika beharrezkoa da, «orain inoiz baino gehiago», eta zerbitzu horrek «gardena, eraginkorra eta soziala» izan behar du. Azkenik, sistema publiko horren kudeaketak «alderdikerietatik eta partikularren interesetik urrun» geratu behar duela nabarmendu du Bilduk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo