Mikel Aramendi Kazetaria
«Si vis bellum, para locum»
Petrolioa... hortxe dago gakoa, noski. Oldarraldiaren lehen zantzuekin salneurriak goraka abiatu dira ziztuan, atzeraldi ekonomikotik at dauden edota atera berriak direnen atorkizuna izorratuz
Erratzeko arrisku handirik gabe esan daiteke Ormuzko itsasartearen urtea izanen dela hasi berria duguna. Lehen egunetik da hizpide, bistan denez, eta ondorengo hilabeteetan hamaika aldiz aditu beharko dugu haren estutasuna eta bertatik igarotzen den petrolioren garrantzia, izen kabalistikoko armen gurutzegramak diruditen argudio eta ihardespenen ondoan. Nola edo halako gerra bat sutuko dela ziurtzat emanda, hura noiz has daitekeen igartzeari ekin diote jada ausartenek.
Ez dut uste tenore horretara iritsita gaudenik. Baina ez dut, ezta ere, apusturik egingo ez garela ailegatuko. Oraingoz, fase goiztiarragoan gaudela deritzot, besterik gabe. Alde biak, eszenategia prestatzen ari dira, han antzeztuko dena zer izango den argi jakin gabe, baina klimax batean gauzatuko dela ziurtzat emanda. Iranek badakielako azken hamarkadan bere eskualdean lortu dituen irabazkin estrategikoak betikotu nahi baditu, potentzia nuklearren estatusa lortzea nahitaezkoa duela, eta horrek dardarrean ipintzen dituela bere bi etsai zuzenak: agerikoa, Israel, eta isilpekoa -baina agerikoa bezain etsaia- Saudi Arabia. Eta, beste aldean, bi horien interesak azkenean bere egin dituen Obama, hauteskundeen atarian, loriarik gabeko erretiradak eta amaierarik gabeko aurrekontu murrizketak konpentsatu beharrean, Cameron eta Sarkozyren abenturerismoa bidelagun duela; Libiako kasuan bezala, baina paperak alderantzikatuta hemen.
Baina, gaur-gaurkoz, inork ez du Libiakoa ez Irakekoa edota Afganistangoa Iranen errepikatzeko egitasmorik. Ezinezkoa delako, mila arrazoirengatik. Helbu- ruak askoz apalagoak dira ziurrenik: Iranen ahalegin nuklearrak birrintzeko moduko eraso bat (Israelek hainbatetan aldarrikatu, baina, agian, egiteko adina gaitasun ez duena, itxuraz besterik adierazi arren) egin ahal izateko baldintzak paratzea da xedea. Erasorako baldintzak baina, baita ere, aldez aurretik, defentsarako baldintzak. Iranek ozenki iragartzen duen errepresalia -Ormuzko itsasartea itxi eta munduko petrolio-bide nagusia buxatzea-, litekeen bakarra izan gabe, garrantzitsuena eta egingarriena delako, luzaz. Horregatik esan daiteke itsasartearen kontrola segurtatzea aurrebaldintza erabakigarria dela beste edozertarako. Eta ez da horren erraza izango lur-arte hartan irandarrei iskin egitea, batez ere ehunka mila tona petrolio daramatzan ontzitzar batean zoazenean.
Petrolioa... hortxe dago gakoa, noski. Oldarraldiaren lehen zantzuekin salneurriak goraka abiatu dira ziztuan, atzeraldi ekonomikotik at dauden edota atera berriak direnen etorkizuna izorratuz. Garestitze hori, zeharka, onuragarria litzaioke Irani... bere petrolioa saltzen duen bitartean. Eta horixe da, hain zuzen, Obamaren administrazioak eragotzi nahi diona, arestian iragarri dituen zigor ekonomikoen bitartez. Irango petrolioaren hartzaile nagusiak, haatik, gerra joko honetatik kanpo (eta, seguruenera, aurka) dauden herrialde asiarrak dira: Txina (%22), Japonia (%14), India (%13) eta Hego Korea (%10). Baina jokoa hasi besterik ez da egin. Vegezioren esapide zaharra parafraseatuz...