Lakuak langileak zigortzea erabaki du, berriz ere
Krisiaren aitzakian eta, antza, honi aurre egiteko beste neurririk asmatzeko gaitasunik ez duelako, Lakuako Gobernuak langile publikoak kaltetzen dituen neurri berriak onartu ditu. Idoia Mendia eledunak iragarri zituen atzo, eta, adierazi zuenez, modu horretan exekutiboak 95 milioi euro aurreztu nahi ditu. Besteren artean, borondatezko erretiroei dagokien hobaria denbora baterako etengo dute, eta gauza bera egingo dute txandakako kontratuekin eta gaixotasun bajak hartzen dituzten langileekin. Hauek, gaixotzen badira, beren soldataren %100a jaso ordez erdia bakarrik jasoko dute lehen hiru egunetan -%40 urteko bigarren baja bada-, eta ez dute soldata osoa eskuratuko bajan 45 egun eman arte. Neurri hau bereziki larria da, langileen eta egiten duten lanaren kalterako delako, askok, gaixo egonda ere, lan egitea erabakiko baitute, soldata jasotzea ezinbestekoa dutelako. Beren osasuna arriskuan jartzen du Gobernuak, eta, gainera, langileak susmopean jartzen ditu, bajak modu ezegokian hartzen dituztela iradokiz.
Hau ez da Lakuako Gobernuak, krisiaren ondorioei aurre egiteko, langileak zigortzea erabakitzen duen lehen aldia. Eta, nahiko balu, dirua aurrezteko beste modu asko topa litzake. Adibidez, aurten AHT abiadura handiko trenari emango dizkion 380 milioi euroak beste gauza batzuetarako erabiltzea. Borondate kontua da.