«Matrioska sabela» eraikitzera deitu dute eskubide zibil eta politikoak babesteko
GARA | GASTEIZ
«Nork ez du desiratu inoiz, kolpatua edo mehatxatua sentitzean, amaren sabelaren babesera bueltatzea? Ziurrenik, desio horixe izan zuen Ekaitz Samaniegok zortzi urteko kartzela zigorraren aurrean. Baita gutako askok ere, Ekaitzi zuzendutako kolpea gure sentitu baikenuen». Hitzaurre honekin aurkeztu zuen atzo Ekaitz Etxean herri ekimenak larunbatean, 19.00etan, hiriburuko Iparralde gizarte etxetik abiatuko den Matrioska Martxa, Samaniego eta egoera berean daudenak babesteko.
Hamaika izan dira gasteiztarra babesteko antolatu diren ekintzak, eta aipamen berezia egin zioten Los Angeles elizan egin zuten itxialdiari. Haien ustez, bertan hasi ziren «Matrioska sabela» eraikitzen. «Gure asmoa ez baitzen bere barnean babesa Ekaitzi soilik ematea -adierazi zuten-, baizik antzeko egoeran aurkitzen diren hamarnaka gasteiztarrak eta ehunka euskaldunak besarkatzea».
Eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoak eguneroko osagaia direla iritziz, amaieran egingo den ekitaldian parte-hartze politikoa aldarrikatzeagatik auzipetuta dauden Laudioko 21 gazteei pasatuko diete lekukoa.