GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Agertoki aldaketak

Mapa berria, esku pilota profesionalean

Bilboko Bizkaia ardatz hartuta, enpresek pilotaleku berrien aldeko apustua egin dute, besteak beste, Donostia, Gasteiz eta Bergara plaza klasikoen kaltetan.

p039_f01.jpg

Jon ORMAZABAL

Antzinako kirola izaki, historiak eta tradizioak pisu handia izan du beti pilotaren munduan. Parafernalia horren barruan, pilotaren tenplu klasikoenek eta bakoitzaren ohitura eta usadio bereziek beti eman izan diete zerbait berezia bertan jokatutako partidei. Gainerako kirolei bezala, ordea, pilotari ere iritsi zaio modernizatzeko garaia eta prozesu horretan, frontoi klasiko batzuk ia mapatik irten dira, merkatu eta plaza berrien mesederako.

Ezbairik gabe, bilakaera berri honen ardatza, Bilboko Bizkaia frontoia izan da. Miribillako kantxako 3.000 eserlekuak, Bilbo Handiko biztanleria eta urteetako pilota gosea sekulako pagotxa bilakatu dira enpresentzat, eta gaur egun, esku pilota profesionalaren epizentroa bertan dagoela esan genezake okertzeko beldur handirik gabe. Iazko hiru final handiak bertan jokatu ziren eta baieztatuta dago aurtengo Binakakoa ere bertan jokatuko dela. Orain arte partida handien agertokia izan da Bilbokoa, baina etorkizunean maila apalagoko lehiekin probatzeko asmoa ere badute enpresek. Hala, orain arte, Binakako Txapelketako partida bakarra jokatu da bertan, San Silvestre egunean Titin III.a-Merino II.a eta Olaizola II.a-Beroiz bikoek jokatutakoa, baina hurrengo asteetarako beste bi ere programatu dituzte dagoeneko, datorren asteko liderren arteko partida desiratua eta hilaren 29an jokatuko dena, Titin III.a-Merino II.a eta Berasaluze VIII.a-Albisuren artekoa, hain zuzen.

Merkatu berriak

Publiko berri bila aritze hori ez da Bizkaiko hiriburura mugatzen, ordea; herrialde honetan bertan, Sestao edo Etxebarri ezohiko plazek lekua izan dute aurtengo Binakakoan, -datorren asteazkenean Mungian jokatuko da beste partida bat azken urteetan ohikoa den bezala-, igandean Logroño estreinatuko da eta txapelketak laster emango du jauzia Bartzelonara -otsailaren 12an- eta Lapurdira.

Aldaketa honek txanponaren bestaldean jartzen ditu, ordea, Donostia, Gasteiz eta Bergara ohiko plazak, esaterako. Historian zehar, hamaika final jaso dituzte pilotaleku horiek, baina egun merkatutik at daudela ematen du.

Instalazioak zahartu samar daudela-eta, maiatzean Aimar Olaizolak eta Oinatz Bengoetxeak elkarren aurka jokatutako Buruz Buruko finalerdia izan da urtetan sona handia izan duen Atano III.ean jokatu den txapelketako azken partida.

Lekutan geratu da Gasteizko Udalak eta Asegarcek Ogetako instalazioak Asegarceren egoitza nagusi izateko sinatutako akordioa, eta 2010eko Binakako finala izan da bertan jokatutako txapelketako azken partida. Finala ez den lehia bat, 2005eko Binakakoan jokatu zen azkenekoz eta Arabako pilotazaleak merezi dute enpresak euretaz akordatzea Andra Mari Zuriaren feriatik at.

2007ko martxotik ez da partida ofizialik jokatu Bergara Udal Pilotaleku mitikoan, datorren bi igandeetan ez da jaialdirik izango pilotaren Eibarreko Katedralean eta Tolosako astelehen arratsaldeak ere gainbehera doaz. Argi dago pilotazaleen mapa erruz aldatu dela denbora gutxian.

Plaza berriak

Dudarik ez dago Bilbon sekulako pagotxa topatu dutela enpresek eta Bizkaia izan dela aldaketa honen ardatz nagusia, baina Lapurdi, Bartzelona eta beste plaza berri batzuek ere indarra har dezakete.

gainbeheran

2009 eta 2010eko Binakako finalak izan ziren Donostian eta Gasteizen jokatutako txapelketa honetako azken partidak eta 2007tik ez da lehiaketako partidarik jokatu Bergaran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo