Zutik alderdiari amaiera eman diote, Gorripideari hasiera eman ahal izateko
Zutik alderdia desegin eta Gorripidea erakundea bultzatzea erabaki dute. Kapitalismo globalaren erasoaren aurrean ezker subertsiboa biltzearen alde bat egiten dute, baita Euskal Herrian ere.GARA | IRUÑEA
Joxe Iriarte Bikila, Julia Monge, Josu Perea, Iñaki Martin eta Mikel Isasik sinatzen duten agiri batean iragartzen denez, Zutik alderdia desegin da, eta kide izandako batzuek Gorripidea erakundea bultzatzeko hautua egin dute. Goiena web orriak dioenez, hilaren 27an aurkeztuko da erakunde berri hori eta Zutik-en desagertzea abenduaren 17an Bilbon egin zuten Batzar Orokorrean erabaki zuten.
Agirian azaltzen dutenez, kapitalismo globalizatuaren erasoei aurre egiteko «ezker antisistemikoaren sektore guztiek izaera subertsiboa eta anitza, internazionalista, antikapitalista eta transbersala izango duen Europa mailako fronte politiko-soziala elkarrekin eraikitzeko obligazioa dugu, izaera desberdineko mugimenduak elkartuz: ekologismoa, feminismoa, langile mugimendua, askapen nazionalekoak, oinarrizko askatasun demokratikoen defentsakoak...».
«Aldi berean, erantzun beharko dio Euskal Herriko agenda politikoa eta denboraren zati handia markatzen dituzten arazo propioei, hala nola: ETAren eta Estatuaren arteko ekintza-errepresioa eta bi horien eta euskal gizartearen arteko dialektikaz markaturiko hainbeste urtetan pilaturiko arazoak konponbidean jarriz, eta, erabakitzeko eskubidea (autodeterminazioa) lortzeko fronte zabal bat eratuz», gaineratu zuten.
«Birkonposaketa eta birdefinizioen lurrikara baten hastapenetan gaude (nahiz eta garrantzitsuena ezker soberanista deituriko poloaren inguruan ematen ari den biltze prozesua izan) eta hortik aterako da Euskal Herriko ezkerreko paisaia edo mapa politikoa, erabat berrantolatuta», azaldu zuten Gorripideko kideek.
«Hemendik aurrera auzia ez da jadanik bide politiko-militarren edota bide politiko legalen artean hautatzea, baizik eta askapena nazional eta sozialaren estrategiaren ingurukoa, ikuspegi antikapitalista edo ekosozialistatik begiratuta (eta bloke iraultzailearen osaketa) eta horrek zer ikusteko handia du, adibidez, aliantzen gaiarekin eta indarrean dauden instituzioekiko jarrerarekin, eta batez ere mobilizazio herritarrari ematen zaion pisu eta garrantziarekin», esan zuten.
«Gure nahia da ezker abertzaleak (ezkerreko konponente nagusia den heinean) Estatuaren errepresio gogorrari (ilegalizazioa barne) aurre egitea lortu ondoren, ez dezala orain errealitatea kudatzeari mugatu edo gobernatzeko sistemaren exijentziari amore eman», nabarmendu zuten.
«Ezker antisistemikoaren sektore guztiek izaera subertsiboa eta anitza izango duen Europa mailako fronte politiko-soziala elkarrekin eraikitzeko obligazioa dugu», adierazi zuten Gorripideko kideek.