Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Martinen trena
Zergatik ote hain harreman estua trenaren eta musikaren artean? Ez, ez naiz ari trenean entzungailuak jarrita joaten garenon hazkunde izugarriaz, baizik eta metalezko bi arraia paralelo horiek, eta gainean bizi diren pizti mitikoek, musikari eta musikazaleekin lortu duten entzuteaz.
Trenak, berak, musika baduela edo edonori galde diezaiokezu ea berari trenak zein musika ekartzen dion gogora. Niri, adibidez, blues musika eta kostaldea. Ez dut denbora askorik behar erantzuna pentsatzeko.
Irratiak gazte pobreon musika zaletasunaren zutabe nagusia ziren garaietako kontuak dira «Kostaldeko Trena»-z eta Martinez ditudan lehen oroitzapenak. Bluesa eta askoz ere gehiago ziren orduan saioaren ardatzak. Ordutik hona gauza asko aldatu da. Izugarri ozpindu da irratigintzaren eta musikaren arteko harremana. Horregatik, gaur egun, oraindik aipagarria da Martinek, egunero, musika eta musikariekiko agertzen duen errespetua. Txalogarria da hainbeste urtean irrati gizon eta emakume guztien barruan gozo bizi behar lukeen melomano txiki hori zaindu eta elikatzen jarraitu izana, baita muturreko baldintzetan ere.
Errepikapenaren poderioz eta kriterio ekonomizisten pean miserablea bilakatu den euskal irratigintza ustez «musikalean» gustua ematen du, adibidez, kantua bere testuinguruan kokatzeko lanak hartzea, entzuleoi kantua estimatzen lagunduko digun informazioa ematea edo, besterik gabe, miraria! kantuen hitzei arreta jartzea. Baina horiek ez al ziren XIX. mendeko kontuak?
Edozein musika estimatzen laguntzen dizun horietakoa da Martin eta esadazue hori ez al den zutabe honetara ekartzeko nahikoa arrazoi. Bejondeiola.