Lohitzune Txarola Gurrutxaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria
Iragana eta geroa geureak direlako
Eztabaida sutsua dugu aurretik, baina eztabaida da, eta independentziaren ingurukoa. Horri egiten diot txalo nik. Eta penaz begiratzen dut Madrilera edo Parisera, halako demokraziaren zentzua galduta duten bi estatutako hiriburuetara
Eskoziako lehen ministro Alex Salmondek Eskoziaren geroari emandako hitza eutsiz eta Hugh McDiarmid poetaren hitzak erabiliz hasi du urte berria: «Guk Eskozian sinesten jarraitzen dugu, oraina eurena bada ere, iragana eta geroa geureak direlako».
Gogora ekar dezagun 2011ko maiatzak Euskal Herrira ekarri zuen aldaketa politikoa. Sekula izandako gehiengoak lortu zituen Bilduk Gipuzkoako herri, hiri edota Batzar Nagusietan, eta horrek euskal politikaren birplanteamendu beharrezkoa ekarri zuen. Baina Euskal Herria ez zen agertoki politiko berria estreinatu zuen nazio bakarra. Eskozian ere, Scottish National Party abertzalearen bozketen zenbatekoak maila gorenera igo ziren. Aurreko legegintzaldian alderdi horrek Eskoziako gobernuburu izatea lortu zuen, baina gutxiengo gobernu batekin. Izan ere, Britainia Handiko lege elektoralak halako trikimailu bat du non oso zaila den gobernua alderdi bakarrak lortzea. Hala, SNPk kanpainan behin eta berriz aldarrikatutako erreferenduma ezin izan zuten aurrera atera, eskoziar ganberak atzera bota zuelako proposamena.
Baina 2011ko maiatza eraldatzaile horretan, Euskal Herrian ez ezik, Eskozian ere independentziaren aldeko haizeak astindu zuen bozkatzera joandako jendearen gogoa, eta, orduan bai, SNPk gehiengo absolutua eskuratu zuen. Eta gehiengo hori programan zituen hiru ideia nagusiri esker lortu zuen:
1. 2020rako Eskoziaren elektrizitatearen %100 iturri berriztagarrietatik ekoiztea.
2. Egin beharreko arau eta legeak sustatu, Eskoziak independentziaren inguruko erreferenduma izan dezan.
3. Unibertsitateko matrikula tasak dohainik izatea eskoziar ikasleentzat.
Hiru puntuok argi erakusten dute zein gizarte klase aukeratu duten eskoziarrek: hezkuntzan oinarritua, energia ekoizlea, ingurumena errespetatzen duena, eta batez ere, independentea. Eskoziarrek badakite zer nahi duten; nolako Eskozia eraiki nahi duten; zelako baloretan oinarrituko diren. Urtetan zehar hala izan da, eta orain ere berdina egiten jarraitu nahi dute, inoren aginduak bete behar izan gabe.
Euskaldunok ere garbi geneukan zer-nolako Euskal Herria eraiki nahi genuen, eta borondate hori inoiz baino nabarmenago agertu zen kaleetan, eta instituzioetan ere. Hasi gara bada beste era bateko politika egiten; gure ikuspegiarekin, gure helburuak argi izanik, gure puntu sendoak profitatuz eta ahulak indartuz. Agerikoa izan dadin gure mezua bai euskaldunen artean, baita Espainian edo Frantzian eta, nola ez, nazioartean ere; gure geroa geuk erabaki nahi dugula, badakigula egiten eta borondatea daukagula.
Whiskiaren eta tartanezko gonen herrira bueltatuz, orain beraientzat garrantzizkoena dena geroa kudeatzeko eskumenak izatea da, eta, horretarako, presenteari aldaketak egin behar zaizkio. Lehenik eta behin, Britainia Handiarekiko askatasun ekonomikoa behar dute; bestela zaila dute euren garapenean inbertitzea. Egun, Westminsterreko legebiltzarra ari da Scotland Bill delakoa aztertzen, zeinek eskumen ekonomiko batzuk luzatuko dizkion Edinburghekoari. Eskumen ekonomiko horiek zifratan jarriz gero, 12.000 milioi libera lirateke, hau da, eskoziarrek beren zergetatik eratorria denaren herena kontrolatuko lukete. SNP ez da inoiz Scotland Billaren inguruko eztabaidan tematu, Westminsterren kontrolpeko «poltsikoko xoxekin» ezin baita benetan aurrera egin haien ustez.
Beste era batean esanda, Eskoziak argi eta garbi hitz egin du INDEPENDENTZIAri buruz. Eta INDEPENDENTZIA letra larriz idazten dut, herri horretan direnaz harro hitz egiten dutelako. Beldurrik, lotsarik eta erreparorik gabe. INDEPENDENTZIA. Noski, berau lortzeko urratsak eman behar dituzte, ezin egun batetik bestera lortu. Baina bidetik pausu bat aldendu gabe.
Eta bide horretan badirudi bidaide bat aurkitu dutela, nor eta Britainia Handiko lehen ministro David Cameron bera. Cameron jaunak dio berez Britainia Handiko konstituzioak ez diola Eskoziako legebiltzarrari erreferendumik egiteko eskumenik onartzen, baina (eta baina hau da kontu guztiaren muina) eskoziarren gehiengoak independentziaren aldeko hautua egiten badu, Westmisterrek onartu baino ezin duela egin, hau da, Eskozia nazio bezala onartzeaz gain, honek berez duen autodeterminazio eskubidea onartzen dio. Ez da bada konstituzio kontu bat, borondate eta enpatia politikoarena baizik. Noski, Downing Streeteko burua ez da on puska bat, eta bere baldintzak mahai gainean jarri ditu: galdeketa hurrengo 18 hilabeteen buruan betetzea eta bertan galdera bakarra: independentzia bai ala independentzia ez.
Orain Salmondek ihardetsi du 2014ko udazkenean jarriko dutela data, eta denbora behar dela zer-nolako galdeketa egingo duten ikusteko, txor-txor... Eztabaida sutsua dugu aurretik, baina eztabaida da, eta independentziaren ingurukoa. Horri egiten diot txalo nik. Eta penaz begiratzen dut Madrilera edo Parisera, halako demokraziaren zentzua galduta duten bi estatutako hiriburuetara. Eta nire buruari galdetzen diot: Euskaldunok noiz galduko dugu independentziaren inguruan lotsarik gabe hitz egiteko beldurra? Noiz planteatuko ditugu gauzak hain argi? Izan ere, lagun eskoziarrek baino askoz botere politiko handiagoa dugu bideari ekiteko, hasteko autonomia fiskal osoa... falta zaiguna da Euskal Herriarekiko sinesmen apur bat, eta, noski, benetan gai honi gogoz heltzeko borondatea. Nik behintzat, badaukat.
Badakit badagoela Euskal Herri independentearen ideia gustatuko ez zaionik, baina Bilduren filosofian sinesten duenik: euskal indarren batasuna, erabakitzeko eskubidea, berdintasuna eta aurrerakoitasuna. Eta hemen askok ulertu zutena da, baita Eskozian eta Britainia Handian ere, edozein herrik baduela bere geroaren jabe izateko eskubidea. Badirudi, ordea, Frantzian eta Espainian oraindik ez direla horretaz konturatu. Gogorarazi beharko zaie bada, oraina beraiena bada ere, iragana eta geroa geureak direla.