GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira Zortziko Txapelketa

Lizarran jokatuko da bigarren jardunaldia

J.L.

Lizarran jokatuko da bihar, 11.30etik aurrera, Remontival pilotalekuan, Zortziko Txapelketako bigarren jardunaldia. Oraingoan, emakumezkoen 540 kiloko bigarren saioa izango da, eta, mutiletan, berriz, 640 kiloko lehen ekinaldia.

Emakumezkoetan, Badaiotz, Sakana, Ibarra eta Bizindar lehiatuko dira. Lehen ekinaldia Badaiotzek irabazi zuen, eta bihar gauza bera egiten baldin badu, txapela lortzetik oso gertu geratuko da. Arabarrak faborito dira, baina lehia gogorra izango dute Sakanarekin, baita Ibarrarako taldearekin ere.

Gizonezkoetan, berriz, Zuraide, Abadiño A, Abadiño B, Basaburua-Imotz, Sokarri, Amaiur, Ibarra, Txantrea eta 6 Conceyos dira parte hartuko dutenak. Hemengo helburua lehen bi jardunaldien ostean estreinako sei onenen artean egotea izango da, gero txapelaren lehian aritu ahal izateko. Abadiñok jadanik txapel bat lortu du, eta bigarrena ere lortu nahiko du; horretarako, noski, lehen jardunalditik indartsu hastea izaten da onena. Pisu honetan tiraldi bikainak ikustea espero da, berdeez gain, Ibarra, Sokarri eta Amaiur ere oso maila onean baitabiltza.

Almitza elkartea

Almitza elkarteak neguko jaialdia antolatu du gaurko. Ez dute izango segalarien lehiarik antolatzeko modurik, baina neguan ere beste hainbat ekitaldi eder antola daitezke, eta horixe egingo dute gaur. Zaldibiako Resti pilotalekuan izango da jaialdia, 19.00etatik aurrera. Hasteko, lau eta erdian, Mikel Goñi eta Aratz Mendizabal neurtuko dira. Pilota partida amaitu ondoren, Floren Nazabal eta Iñaki Azurmendi neurtuko dira aizkoran, kanako enborra zeinek azkarrago moztu. Sarrera 10 eurokoa izango da, eta berogailua jarrita egongo da. Jaialdiaren aurretik, Zera kultur elkarteak Almitzari buruz prestatu duen dokumentalaren aurkezpena egingo dute bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo