GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Egiazko kontaketaz

Herenegun otu zitzaidaan, aurten Bake eta Askatasun Kulturen Urtea dela irakurri nuenean. Bost milioi euroko kopuru neurritsuan, ekitaldi ugari izango omen dituk eta horietako batean, uztailean izango den «Kulturak hitza hartu du» lelopekoan, hain zuzen, Antonio Tabucchi idazle bikainak parte hartuko dik, besteak beste. Ez diat bat ere zalantzarik interesgarria izango dela Tabucchiren hitzak entzutea (bide batez, Tabucchi hizpide, ez diat «Pereirak dioenez» filma ikusi, baina Marcello Mastroianniren itxura ez zatorrek eleberrian deskribatutako Pereirarenarekin bat). Lehenago, ordea, apirilean, Bizikidetzari eta Memoriari buruzko Kongresua egingo ditek, «terrorismoak gure herrian izan dituen ondorioei buruzkoa», azken hamarraldietan Euskal Herrian metatutako sufrimenduaren kontaketa justu eta egiazkoa egitea helburu duena.

Kongresu horren berri irakurritakoan, zein adituk parte hartuko ote duten pentsatu nian neure artean, eta geroxeago hire ama Blanki joan berri zitzaigula zioen mezua jaso nian. Eta orduan bururatu zitzaidaan aditu handia galdu dugula. Hain zuzen ere, oinazean aditua, halabeharrez. Eta, halabeharrez, bizitzaren latzean aditua, eta zaildua. Oinazearen kontaketa justu eta egiazko baterako ezinbesteko lekukoa begitandu zitzaidaan. Oraindik ez dakik, ez zakiagu, bazakitek martxoaren 3 hartan zauritu hinduen balaren jabearen izena; ez dakik, ez zakiagu, bazakitek hi eta Iñaki anaia gaztea zehatu zintuztetenen berri. Badakik, bazakiagu, ez ditek aitortu nahi horiek guztiek egindakoen erantzuleak nor diren. Egiaren atal bat baino ez ditek agertzea nahi, baina esandakoak ere egiaren atal dituk. Eta Blankiren eta preso eta iheslarien gainerako amen sendotasuna eta duintasuna, ezabatu nahi dituzten horiek, handiegiak dituk egia ziztrin batean sartzeko.

Tira, Josu, ni ez nauk ezertan ere aditua, ez gatazka-konponbidetan, ez bizikidetzan ezta musean ere, eta nire iritziak ez dituk oso kontuan hartzekoak (izan ere, txikitatik ikasi dugunez, el xabier no ocupa lugar), baina beldur nauk landuko duten kontaketa ez ote den egiarekin bat etorriko... Marcello Mastroianniren itxura eleberriko Pereirarenarekin bezala.

Besarkada handia Iñakieneko seme-alaba guztioi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo