GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Afizionatu mailara itzulera

Antxia, pilotari birziklatua

Frontiseko aroa amaituta, lau eta erdiko Elite txapelketa eta Bizkaiko Trinkete Txapelketa irabazi ditu.

p042_f01.jpg

Jon ORMAZABAL

Pilota eskoletan dabiltzan gazte gehienen azken ametsa egunen batean profesional izatera heltzea da. Ander Antxiak Frontisen eskutik lortu zuen hori, baina, sei urteko esperientzia aberasgarriaren ostean, Iruñeko enpresak hondoa jo zuen eta etapa hori urtarrilean amaitu zen abadiñarrarentzat eta beste kide askorentzat. Pilotak, ordea, beste aukera piloa eskaintzen ditu eta Antxiak, bere burua sasoiko eta pilota gosez ikusita, birziklatzeko erabakia hartu zuen; azkenaldian, gainera, emaitza onak jasotzen ari da. Urrutira joan gabe, aurreko astean afizionatu mailako lau eta erdiko Elite txapelketa irabazi zuen ezker paretan ostiralean, eta, bi egun geroago, Bizkaiko Trinkete Txapelketa.

«Irailera arte neukan kontratua, baina enpresak kiebra jo zuen eta enplegua erregulatzeko espediente batean sartu ginen. Frontisekoa 29 urterekin amaitu zen, joko mailaz ondo ikusten nuen nire burua, fisikoki ondo ikusten nintzen, eta, pilota gosea nuenez, jarraitu egin nuen», azaldu zion GARAri.

2010eko urtarrilean izan zen hori eta azken urtearen oso balantze positiboa egiten du. Profesional etaparen amaiera nahi bezalakoa izan ez zen arren, Antxiak ez lioke, «inondik inora», esperientzia txarra deituko Frontisekoari: «Asko zor diot, sei urtetan hor egon naiz, beste biderik ez dut topatu eta afizionatuetan jarraitu dut». Aitortu zuenez, erabakian garrantzi handia izan du inguruko beste pilotari batzuek emandako urratsak, esaterako Aspen aritutako Rober Uriarte -herritar eta laguna du- eta Asier Berasaluzek edota Frontisen kide izan zituen Amantegi, Txaber Zabala eta Mikel Rafaelek. Denen artean talde polita osatu dute eta elkarrekin oso gustura ari dira.

Gehiago gozatu

Galtzea inori gustatzen ez zaion arren, profesionaletako irabazi behar hori gabe, askoz gehiago disfrutatzen du egun kantxan. «Zeharo desberdina da, profesionaletan partida guztiak dira garrantzitsuak, bueno, afizionatuetan ere bai, baina beste era batera. Gehiago arriskatzen da, disfrutatzera irteten gara gehiago. Lehen irabaztera bakarrik irteten ginen, orain ere ez zaigu gustatzen gazteek-eta irabaztea, baina beste era batera hartzen dugu». Gainera, lehendik ere oso gustukoa zuen trinketak bete-betean harrapatu du berriz ere, eta, hala, lau pareten artean gozatzen du gehien.

Profesional izateari utzi eta afizionatu bezala birkalifikatu ostean, trinketean jokatu zuen batez ere iazko neguan Ander Antxiak. GRAVN entzutetsuan, esaterako, buruz burukoan txapela jantzi ahal izan zuen Bizkaiko taldearekin; bereziki gogoan du, Abadiñon bertan, Rober Uriarterekin batera Waltary handiari irabazi ziotenekoa. Ezker paretan, aldiz, lehiaketa gutxitan hartu zuen parte, baina udaberrian Berrizko Oizpe txapelketako finalera heldu zen, lau eta erdian. Asier Berasaluze izan zuen aurkari finalean, eta, txapela janzterik izan ez zuen arren -22-19 galdu zuen-, batutako puntuek abenduan jokatu zen Elite txapelketan parte hartzea ahalbideratu zioten.

Pilotalekuetan, ordea, beste amets eta asmo batzuk dituzten pilotari askoz gazteagoekin egiten du topo Antxiak. Oraingoz, profesionaletara salto egiteko helburu garbia duten gazteen harrera oso ona izaten ari da, nahiz eta sarri batzuen eta besteen interesek talka egin. «Nik uste dut beste pilotari afizionatuek ondo ikusten gaituztela. Orain dela gutxi lau eta erdiko txapelketan Elezkanoren aurka jokatu nuen finala. Nik uste dut gazteei, alde batetik, txarto datorkiela, partida batzuk kendu diezazkiekegulako, baino askorik ez, zeren txapelketa askotan betatuta gaude. Ez gaituzte deitzen gazteei eman nahi dietelako aukera hori, baina ez dut uste errezelo handirik dagoenik. Eurek ere badakite, gainera, euren maila hobetzeko gure aurka jokatzeak mesede handia egin diezaiekeela».

«Trinketean aukera sortuko balitz...»

Ander Antxiak nahikoa argi dauka emandako atzerapausoa ez dela, inolaz ere, indarra hartzeko ematen den horietakoa, ez frontoian behintzat. «Ez dut uste berriz ere profesional izateko inolako aterik zabalik dagoenik», azaldu zuen abadiñarrak.

«Hori bai, afizionatuetan jokatu eta trinketean aukerarik suertatuko balitz, hor gustura jokatuko nuke». Hemen ere, Rober Uriarte du ispilu, azkenaldian Ipar Euskal Herrian zenbait partida jokatutakoa baita, nahikoa joko maila onarekin gainera. Ostegunean, esaterako, Arizmendi atzelari zuela aritu zen eta 50-40 irabazi zieten Ezkurra eta Ozafraini.

«Azkenean, jokoa desberdina da, Ipar Euskal Herrian agian teknikari ematen diote garrantzi gehiago, eta, guk, berriz, fisikoari eta abiadurari. Gure jokatzeko moduarekin eurei min handia egin diezaiekegula iruditzen zait. Ni nahiko positiboa izaten naiz; Waltary onena da, eta, partidak irabazten baditu, pilotari abiadura handia ematen diolako da». Kubatarraren sakeari mugak jartzearekin ez dago oso ados, baina gustura arituko litzateke Iparraldeko pilotariekin. J.O.

Harrera

«Hainbat txapelketetan betatuta gaude, aukera pilotari gazteei eman nahi dietelako. Aldiz, gainontzeko afizionatuengandik ez dut uste errezelo handiegirik dagoenik»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo