Koldo Zuazo Irakaslea
Nori berea delako zuzenbidea
Bizi osoa eman duela Euskal Herriaren aldeko ahaleginean eta haren jarduna garbia eta gardena izan dela. Ez da sekula isildu eta kikildu, ez da sekula lausengu eta zurikerietan aritu
Badira herri baten historian ezinbestekoak diren lagunak eta, Euskal Herrian, xx. mendearen bigarren erdialdean, ezinbestekoa izan da Txillardegi. Gerraosteko urte beltzak bizitzea egokitu zitzaion, euskara eta euskal sena itzalita zeudenean Donostian, eta herri sen hori atzera berriz osatzen eta ondorengoei pasatzen ahalegindu zen Txillardegi.
Hari eta haren ingurukoei zor diegu euskara ezartzea herrigintzaren oinarrian. Ordu arteko egitasmoan arraza zen ardatza, eta hizkuntza baztertuta eta alde batera utzita zegoen. Etena, beraz, garbia zen, eta etena, gainera, ez zen hitz hutsezkoa izan: Txillardegik berak, esate baterako, gurasoek erakutsi ez zioten euskara ikasi eta hizkuntza horretan egin zuen bere ondorengo ibilia.
Hizkuntza herrigintzaren oinarrian jartzeak, bestalde, euskara batua egitea eskatzen zuen. Zazpi herrialdeen arteko hartu-emana euskaraz izango bazen, euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak ez ziren nahikoa. Ezinbestekoa zen euskara zabalago eta orokorrago bat. Ezinbestekoa euskara nazionala. Sarri esan da Euskaltzaindiak egin zuela euskara batua, 1968an, baina euskara batuaren lehenengo urratsak Baionan egin ziren, 1964an, etaTxillardegi izan zen, hain zuzen, urrats haiek abiarazi zituena.
Euskara batuaren ezaugarrien gainean ere eztabaida biziak sortu ziren. Batzuek Lapurdiko antzinako euskaran oinarritu nahi zuten. Beste batzuek, berriz, euskalki guztiak nahasita eraiki nahi zuten. Txillardegi, aldiz, Euskal Herriko erdiguneko hizkeretan oinarritzearen aldekoa zen. Hortxe ikusten zuen euskararen indarra eta hizkera horixe iruditzen zitzaion euskaldun guztiendako ulerterrazena. Ahal zela, gainera, euskara bizian oinarritzearen aldekoa zen, antzinako idaleei lotuegi egon ordez. Hauxe idatzi zuen 1959an, euskara batua egin gabe zegoela:
«Oiartzun, Sara eta Elizondoko euskera artzen dut eredutzat. (...) Duvoisinen eta Mendibururen artean mugituko naiz, nik uste. Axular aukeratuko nuke gogoz, bere euskera bezelakorik ezpaitago iñundik ere, baña, zaharregia dala-ta, Duvoisin artu dut bere ordez, eta Mendiburu oiartzuarra».
Euskara batua egin eta gero, hura zabaldu beharra egon zen eta, arlo horretan, 70eko hamarkadan oinarrizkoak gertatu ziren liburuak plazaratu ziren. Argiak eta irakurtzeko errazak ziren: «Sustrai bila», «Euskara batua zertan den», «Euskal gramatika»...
Esan dezadan, honen harira, Txillardegiri dagokionez, euskara batuaren alde egiteak ez zuela ekarri euskalkiak gaitzestea eta alde batera uztea. Euskalkien gaineko hainbat lan argitaratu zituen eta, lagunartean zegoenean, Gipuzkoako euskalkian hitz egiten zuen. Haren hizketa entzunda, gainera, ezin zen esan euskara ikasitakoa zenik. Erabateko euskalduna zen.
Eta heriotzaren ordua heldu zaion honetan, bada nabarmendu nahi dudan gertakari bat: bizi osoa eman duela Euskal Herriaren aldeko ahaleginean eta haren jarduna garbia eta gardena izan dela. Ez da sekula isildu eta kikildu, ez da sekula lausengu eta zurikerietan aritu. Nonbait ere horregatik itxi zizkioten Euskaltzaindian sartzeko ateak eta nonbait ere horregatik baztertu dute beste zenbait erakundetan. Nik, ostera, euskaldun xume naizen aldetik, neure begirunea eta neure zorra aitortu nahi diot, eta haren senide eta lagunei, berriz, neure elkartasuna.