Egiaztapenari uko egin eta nahasmenari ekin
Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresek atzo iragarri zuen sailburuordeei bizkartzainak kendu dizkietela eta gauza bera egingo dutela hainbat hautetsiri dagokionez. Halaber, igandean esan zuenez, «datuen arabera» ez dago ETAren jardun armatua itzultzeko arriskurik. Madrilgo Barne Ministerioa, ordea, Paristik gertu atxilotutako ustezko etakideek zeramaten materialaren gainean nahasmena eragiten ahalegindu zen, euskal erakunde armatuak joan den urriaren 20an iragarritako erabakia zalantzan jartzeko. EAJren EBBeko presidente Iñigo Urkulluk ere bere ekarpena egin zion nahasmendu horri, «beste batzuei» azalpenak eskatuz, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak erakutsitako arduragabekeria bera erakutsiz. Material horiek askotariko erabilerak dituzte, eta horietako bat agiriak faltsutzea da. Poliziak berak atxilotuak logistika aparatuan kokatzen dituela kontuan izanda, ez litzateke harrigarria izango, hain zuzen, funtzio horretarakoxe eramatea. Barne ministroak, ordea, isildu egin zuen informazio hori, eta ez, seguruenik, ez zekielako.
Benetan ETAren jardun armatuaren bukaera egiaztatu nahi badute, badago bide eraginkorrago bat, nazioarteko laguntza eta bermea duena baina estatuetako botereek uko egin diotena. Bitxia gertatzen da, gainera, estatuen jarrera hori ETAk berak egiaztapen hori errazteko prest dagoela esan ondoren.