Maider Eizmendi Kazetaria
Dagoeneko nahikoa denbora galdu dute
Tantaka-tantaka hasi ziren, baina dagoeneko putzu ederra betea dute. Leku handia hartu dute egunkarietako orrietan eta ez da gutxiagorako. Lehendabizikoz bi ahizpek galdua, lapurtua, zuten senidearen inguruan hitz egin zidatenean, ez nuen pentsatu ondorengoak etorriko zirenik, ez behintzat hainbeste. Geroago, semea ostu zioten emakume baten istorioak uzkurtu zidan barrena; ez zuen hitzik aurkitzen hila zela uste zuen semea lapurtu ziotela pentsatzeak sortzen zion ezinegona azaltzeko; haserreak eta tristurak korapilatzen zioten eztarria. Geroago aspaldidanik zuten susmoa hezurmamitzeak indartu eta, aldi berean, hustuta utzi zuen bikote baten begirada tristea jarri zitzaidan parean.
Handik eta hemendik joan dira istorio berriak ezagutzen, pisua hartzen. Ez dut gertuan halako istoriorik, baina ahaztu ezin ditudan begirada haiek behartuta-edo, lapurtutako haurren inguruan sortzen den edozein berri irakurtzeko premia sentitzen dut. Haien sufrimendua eta ezinegona ulertuta, nahigabean jarri nintzen baina lapurtuak izan diren eta modu batera edo bestera gezurraren itzaletan bizi izan diren pertsonen tokian. Izan nuen haietako baten hitzak entzuteko tenorea ondoren. Imajinatzen duzue gezur baten baitan bizi izan zarela jakiteak sortu behar duen samina eta hutsa? Bizitza guztian maite izan dituenak modu berean maitatzen jarraitzeko eta inoiz ikusi gabekoak maitatzen ikasteko ahaleginak pilatzen topatu nuen gizon hura; eta bizitzaren erdi parera iritsitakoan hura hankaz gora jarri izanaren arduradunak egindakoagatik ordaintzeko eskatzen.
Eurentzat erlojuaren tik-tak hori oso azkar doa, nahikoa denbora galdua dutelako jada. Gurasoak engainatu eta haurrak merkantzia balira bezala saldu zituztenak zahartzen eta hiltzen ari dira eragindako sufrimenduagatik zigorrik jaso gabe, eta euren senideak lapurtu zituztela frogatu eta haiek bilatzen hasteko beharrezko dituzten dokumentuak, desagertzen. Apurka ari zaizkie kaltetuei ateetan zirrikituak egiten, ez ordea, batzuen mesederako eta beste askoren kalterako, gaiak duen neurri eta larritasunaren pare. Putzua, baina, tantaka-tantaka betetzen ari da.