GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Garrasi isila

ETBn existitzen ez den errealitatea, ordea, gero eta gardenagoa da, eta tamaina horretako errealitatea ezin da inon ezkutatu

Argi eta garbi gelditu da zer eskatzen duen herriak. Bilboko mobilizazio gogoangarriak beste mugarri bat ezarri du. Orain badakigu mundu asko kabitzen direla mundu bakar batean; sentimendu pila bat kabitzen dela bihotz bakar batean. Herri batek bere taupadak dituela, bere hatsa ematen duela. Badakigu zenbat den asko eta zein den «kolosala»-ren esanahia. Neurri berri bat asmatu da eta ez da kopuru kontua soilik, sentipen kontua baizik. Txikiak gara eta handiak. Enpatiak mila kolore ditu eta amets bat dagoen lekuan bide bat baldin badago, bide horrek bururaino eraman behar gaitu. Itxaropen sentitu hau ezin da gelditu, ezin da alboratu. Arestiren euskal harria abian da dagoeneko eta milaka Sisifo ditu harriari bultzaka. Izan ere, ba al da hitzik Bilbokoa adierazteko? Bagenekien asko ginela, gehiago izan gaitezkeela ere bai, irtenbide demokratiko baten aldeko ibilbide honetan. Bagenekien hau ez zela manifestazio bat gehiago, begietako malkoek zein begitarteko hunkituek hala adierazten zuten. Egin beharreko ekarpena zen. «Bakarmortuetan» nahiz deserrian direnei zor genien. Aspaldian ez bezala, herri honek dituen gogoa eta borondatea agerian gelditu dira. Mezua hor da. Jendartea aurrera begira ezarri eta preso eta iheslaririk gabeko etorkizuna irudikatzen hasi da, gatazkaren gordina gainditu nahi du, elkarri eragindako sufrimendu eta zauriak onartzetik bestelako jendarte bat posible dela sinistuz.

Bidea bihurria izango dela jakina da, bi estatuak luzamendutan ibiliko direla ere bai, baina jakin badakigu jada ez dela ezer berdin izango. Urratu den argi-printza gehiago argitzen joango delako. Bakoitzak bere emozioekin egingo du aurrera, bere gogoeta eta hausnarketak egingo ditu, autokritikak ere ez dira faltako, baina bidea eskuz esku, pausoz pauso egiten ari garen honetan, ezin diogu uko egin hezurmamitzen ari den itxaropenari, loratzen ari den udaberri politikoari. Bake prozesuak bakea edukiz bete behar baitu, bere horretan sakondu behar du, guztien arteko ekarpenez erdietsi beharrekoa izango da edo ez da izango. Horrela, ulergaitza egiten da bakeaz hitz egin eta aldi berean derrotaren, belaunikatzearen lengoaia erabiltzea; agidanez, batzuentzat, bakea gerra egiteko beste modu bat baino ez baita.

Horregatik, badakigu terroristak direla azpimarratu behar hori ausardia ekiditeko manera sotil bat baino ez dela; kartzela politikak ez duela euskaldun arrunta (comun de los vascos, Basagoiti dixit) arduratzen esatea egoerak hartu duen izaera erlatibizatzea dela. ETBn existitzen ez den errealitatea, ordea, gero eta gardenagoa da, eta tamaina horretako errealitatea ezin da inon ezkutatu.

Preso eta iheslariek garbi esan dute prozesu honetan eta prozesu honen alde, herritarrekin batera, parte aktibo izan nahi dutela. Gatazkaren ondorioei eutsi behar zaiela, munduko gatazka ezberdinetan gertatu bezala. Etsiak hartzen saiatuko diren arren, ni Oiartzungo Estanis Lopez preso ohiaren hitzekin gelditzen naiz: «etorkizuna ez da samurra izango, baina bai itxaropentsua». Horra, labur esanda, bizi dugun testuinguru politikoaren muina. Aurkia eta ifrentzua.

Badakigulako ari gara bidea egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo