Esaldi laburrak eta miresmena, «Gure Euskal Chomsky» agurtzeko
Txillardegik utzitako ondarea ez dela nolanahikoa egunotan lau haizetara zabaldutako dolumin eta miresmen hitzetan nabarmentzen da. Sare sozialak izan dira maitasunez jositako esaldi labur mordoxka jaso dituen euskarrietako bat, hamaika tokitatik helduak.
Ana ABARIZKETA
Euskaldun askoren erraietan itsatsita gelditu da jada Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, politikari, hizkuntzalari eta idazlea. Joan den larunbatean zendu zen Donostian, eta, ordutik, hark utzitako ondareaz jabetuta, bere ibilbidea goraipatzen jarraitzen dute han eta hemen. Hala, politikari, euskaltzale eta euskaltzain, idazle, kazetari eta norbanako ugarik agurtu nahi izan dute, eta sare sozialak izan dira horren lekuko nagusietako bat.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarolak dolumina adierazi zien Txilardegiren familiari, donostiarrei, gipuzkoarrei eta oro har euskal gizarte osoari, «kulturalki eta sozialki apur bat umezurtz» gelditu direlako. Ohar baten bidez jakinarazi zuen, Euskal Herriko historian, politikan, kulturan eta zehazki literaturan «funtsezko pertsona» izan dela. Era berean, hark utzitako ondarea «gaurko klase politiko osoan, ikastoletako ikasgeletan, eskola eta unibertsitateetan, baina batez ere gutako bakoitzaren baitan» itsatsita geldituko dela azaldu zuen.
Txillardegiri berari dagokionez, bere garaian aitzindari izan zela gogorarazi zuen, «euskal gizartea aldatu zuen motoreetako bat; modernizatu, gaurkotu egin zuena». «Bere modura» hobetu nahi izan zuela ere iritzi zion, eta alderdi askotan helburua lortu zuela.
Sarean bueltaka
Larunbatean Txillardegi zendu zela jakin zenetik, elkartasuna eta doluminak tantaka-tantaka, etenik gabe, iristen hasi ziren. Sare sozialak, eta bereziki Twitter, bilakatu ziren maitasun eta miresmen adierazpenen lekuko. Esaldi labur andana, barru-barrutik ateratakoak, Txillardegi agurtzeko.
Ezker abertzaleko kide Pernando Barrenak honakoa idatzi zuen larunbatean: «Atzerritarren batek galdetuko balit nor zen Txillardegi, gure euskal Noam Chomsky handia zela erantzunen nioke, baita motz gelditu ere!». Aitziber Sarasola Bilduko Nafarroako parlamentariak atzo bertan sartu zuen: «Txillardegi izan da soziolinguistikan usaina hartu dugunontzat aitzindari». Markel Olano Gipuzkoako EAJko batzarkideak larunbatean bertan: «Euskaltzale eta abertzale handia joan zaigu. Goian bego». Karmelo Landa irakasle eta politikariak: «Izan Aro gurean beti, Txillar».
Euskararen aldeko elkarte, komunikabide eta unibertsitate munduko jendeak ere esaldi motz ugari utzi ditu egunotan sarean. Korrika 17ko lagunek gogoan izan dute eta atzo bertan hauxe plazaratu zuten: «Asteburuan, Txillardegik agur esan zigun. AEK-Korrikatik eta Facebookeko euskalakariok gure samina agertu eta...». Euskal Herrian Euskaraz-ek, berriz, ondorengoa: «Txillardegi hil egin da. EHEren sortzaileetako bat izan zen. Gure aldetik omenaldirik sentikor eta beroena!!». Euskara Patronatua ere ez zen gizon handi hau agurtzeke gelditu, eta «Agur Txillardegi, bihotz-bihotzez!» esanda agertu zuen harenganako begirunea. «Txillardegi, Euskal Komunitate Zientifikoari ekarpen oparoa egin zion pentsalari aparta», jarri zuen Ingumak Laborategiak Twitter-en. Bide beretik heldu zen Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren adierazpena; «euskaraz bizitzeko eguneroko jardunean eredu izan dugu Txillardegi. Bizitza osoa euskalgintzari emana». Norbanako ugarik ere egin zuten euren ekarpena, Arkaitz Fullaondorena kasu, zeinak Manuel Fragaren heriotzaren berri izan ondoren hauxe idatzi zuen: «Faxistek Fraga, Euskal Herriak, aldiz, Txillardegi».
Euskal Herriaz harainditik ere iritsi dira samin eta esker oneko esaldi sorta beroak. Herrialde Katalanetatik eta Galiziatik heldu dira asko. Horietakoren bat aipatzearren, Jordi Vazquezek honakoa idatzi zuen Bartzelonatik: «Ha mort Txillardegi. Inspirador de l'euskara batua i d'Euskal Herrian Euskaraz. Glòria eterna als fills dignes del seu poble».
Urtarrilaren 29an egingo dio omenaldia ezker abertzaleak Donostiako Kursaalen.