GARA > Idatzia > Mundua

El Mozoteko sarraskiagatik barkamen eskaera ofiziala egin du Funesek

El Salvadorko presidente Mauricio Funesek barkamena eskatu zuen El Mozoteko sarraskiarengatik. Armadak mila nekazari inguru hil zituen 1981ko abenduaren 10 eta 13 artean hiru herritan. Gerrari amaiera eman zioten Bake Hitzarmenek hogei urte bete zituzten atzo.

p022_f01_148x108.jpg

GARA | SAN SALVADOR

El Salvadorrek hamabi urteko gatazka armatu gordina pairatu zuen 1980tik 1992ra. Atzo hogei urte bete ziren Bake Hitzarmenak sinatu zirenetik. Urteurren horren testuinguruan, Mauricio Funes presidenteak, FMLN talde politikoak aurkeztu zuen hautagai independenteak, El Mozoteko sarraskiarengatik ofizialki barkamena eskatu zuen.

1981eko abenduaren 10etik 13ra, Armadako batailoi batek mila nekazari inguru, gehienak umeak, emakumeak eta adineko pertsonak, hil zituen El Mozote, La Joya eta Los Toriles herrietan.

El Mozote 25 etxez osatutako herrixka zen. Abenduaren 10ean, soldaduak iritsi zirenean, herritarrak plazan bildu eta hurrengo egunera arte etxean sartzeko agindu zieten. Goizean, gizonezkoak bereizi eta gerrillari buruzko galdeketa egin zieten. Senideengana itzultzen utzi ondoren, gizonak, emakumeak eta umeak hil zituzten taldeka.

Gauza bera egin zuten Los Torilesen, La Joyan, Jocote Amarillo eta Cerro Pandon. Gizonak, emakumeak eta umeak etxeetatik atera eta plazan hil zituzten.

Handik hilabetera, 1982ko urtarrilean, «New York Times» eta «Washington Post» egunkari estatubatuarrek sarraski horiek salatzeko erreportaje bana kaleratu zuten, argazki eta guzti. Bizirik ateratzea lortu zuten gutxi batzuen lekukotasuna ere jaso zuten. Etxe Zuriak erreportajeak gezur hutsa zirela esan zuen eta El Salvadorreko Gobernuari ematen zion diru laguntza handitu zuen. Gobernuak gertutakoa urte luzez ukatu zuen. 1992an, Argentinako Antropologia Forentseko Taldeak lehen gorpuak aurkitu zituen. Horiek ikertuta, biktimen testigantzak egiazkoak zirela baieztatu zuten.

«Gertatutakoaren arduraduna ez naizen arren, Estatuaren eta Indar Armatuen buruzagia naizen heinean, behartuta nago Indar Armatuek sarraskian izan zuten ardura onartzera eta barkamena eskatzera», nabarmendu zuen atzo Funesek. 2010ean, boterera iritsi zenean, gatazka armatuak utzi zituen biktima guztiei barkamena eskatu zien.

Gerraren ondorioz 75.000 hil, 8.000 desagertu eta 12.000 pertsona elbarri geratu ziren.

Bestetik, Legebiltzarrak duela hogei urte sinatutako Bake Hitzarmenak ospatzeko bilkura berezia egin zuen. Gonbidatuen artean Alfredo Cristiani presidenteordea eta Salvador Sanchez gerrillari ohi eta egungo presidenteordea egon ziren.

FMLN

Bake Hitzarmenen 20. urteurrena ospatu zuen FMLN-k. Aldi berean, martxoan egingo diren hauteskundeen kanpaina -Legebiltzarra eta udalak hautatzeko- hasi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo