La Posterekin akordioa lortuta, lanera itzuliko dira Ortzaizeko sei postariak
GARA | ORTZAIZE
Bost egunez greba egin ostean, Ortzaizeko sei postariek akordioa erdietsi dute zuzendaritzarekin. Posta kopurua jaitsi dela-eta, La Postek lanpostu erdia kentzeko asmoa zuen. Postariek, ordea, beren eremuko lau herrien (Ortzaize, Suhuskune, Irisarri, Arrosa) ezaugarriak kontuan izatea eskatzen zuten.
Izan ere, landa lurrak izaki, urruti dauden baserri askotara posta eramateak denbora behar duela gogorarazita, beren jarduerak herritarrokin lotura mantentzea ahalbidetzen duen heinean, alde sozial hori aintzat hartzea ere eskatzen zuten.
Lanordu kopuruaren antolaketa berria adostu zuten atzoko bilkuran, otsailean abian jarriko dutena. Herritarrek ez dute Ortzaizeko bulegoraino joan beharko beren posta jasotzera.