GARA > Idatzia > Kultura

Joxe Mari Soraluze Balentziaga, «Epelde», soinu-jotzaile azkoitiarra hil da

p043_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Isildu egin da Joxe Mari Soraluze Epelderen soinua, trikitizaleen artean hutsune handia utzita. Soinu-jotzaile ezaguna 1914an jaio zen Azkoitiko Martirieta bailarako Muno baserrian. Familiatik zetorkion musikarako zaletasuna; aita eta aitona dultzaineroak izan ziren, baina berak soinu txikia aukeratu zuen. Anaia eta Egurrola izan zituen panderoan lagun, besteak beste. Esan beharrik ez dago, txapelketaz gaiz, hainbat plaza eta erromeria alaitutako trikitilaria izan dela.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2004an argitaratu zuen Xabier Gantzarainek idatzitako «Epelde, mende baten soinua» biografia liburua.

Hona liburu horretatik ateratako Epelderen hitz batzuk: «Behin, Zumarragan, santaisabeletan, trikitixa jotzera joateko deitu zidaten eta han ari nintzen, jo eta jo, eta inguruan jende pila bat dantzan. Gero, Sakabi eta Elgeta agertu ziren, eta haiek ere jotzen hasi ziren. Jendea sakabanatzen hasi zela ikusi nuenean, hasi nintzen heldukoa jotzen eta jendea berriz ere bueltan etorri zen».

«Infernuko hauspo jotzailetzat ere hartu gaituzte, zenbait apaizek -jarraitzen zuen musikariak liburuko beste pasarte batean-. Dirudienez, gaiztakeriarako-edo bide jartzen omen genuen. Geroztik, gauzak ederki asko aldatu dira. Iaz, trikitilarien jaialdian, soinu jotzen zerua irabazten ari ginela ere esan zigun apaizak».

Epelderen aldeko hileta elizkizuna atzo arratsaldean izan zen Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundeko elizan. Bere soinua isildu dela esan dugu, baina jarraitu dioten ondorengoen musikan aditzen segituko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo