Beterriko Bertsolari Txapelketa, bertan behera antolakuntza arazoengatik
GARA | DONOSTIA
Urtarrilaren 27rako zuen aurreikusita Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Beterriko V. Bertsolari Txapelketaren lehen kanporaketa, baina azkenean ez du aurten txapelketarik egingo, abenduaz geroztik sortu zaion antolakuntza arazoa tarteko. «Izan ere, bertsolari txapelketa Larramendi Bazkunaren eta Beterriko udalen artean 1999. urteaz geroztik gauzaturiko lan-egitarau zabalaren barnean kokaturik dago, sortu zenean Beterri-Aiztondo Gerora Bidean deiturikoan, hain zuzen ere. Bada, hitzarmen horren kudeaketa egin duen langilea, azken urteetan, Andoaingo Udalekoa zen, udal horrekin Larramendi Bazkunak orain zazpi urte lortu zuen hitzarmenaren arabera, eta Andoaingo Udalak egoera horri amaiera eman berri dio, bere langilea udaleko lanetara itzul dadin aginduz», azaldu zuten atzo agiri batean.
Horrenbestez, Larramendi Bazkunak hainbat ekimen bertan behera utzi beharko du, «guztiz ezinezkoa» baitzaio inor jartzea bere lan-egitaraua zuzentzen. Nolanahi ere, esker ona adierazi zion Andoaingo Udalari «urteotan erakutsitako eskuzabaltasunagatik».